Itxi

Sariak

Zilarrezko Euskadi sariak: 'Erraiak' eta 'El libro de mi destino'

Agentziak | Erredakzioa

Danele Sarriugarte elgoibartarraren eta Parinous Saniee irandarraren lanei egokitu die saria Gipuzkoako Liburudenden Elkarteak.

Danele Sarriugarte, "Erraiak"en egilea.

“Erraiak” Danele Sarriugarte elgoibartarraren eta “El libro de mi destino” Parinoush Saniee irandarraren lanek irabazi dituzte Zilarreko Euskadi Gipuzkoako Liburudenden Elkarteak Liburuaren Eguna dela eta ematen dituen sariak.

Bi idazleok Donostian egongo dira maiatzaren 5ean, Literaktum hilaren 16ra arte iraungo duen literatura jaialdiaren irekiera ekitaldian.

Andoni Arantzegi Gipuzkoako Liburudenden Elkarteko presidenteak iragarri ditu sarien irabazleen izenak; oraindik irakurle kopuru nahikoarengana heldu ez diren eta bigarren aukera bat merezi duten lanei ematen diote Zilarrezko Euskadi saria.

Euskarazko atalean, “Erraiak” Danele Sarriugarteren lehen eleberriari eman diote saria. Beasaingo Udalak eta CAF enpresak artista gazteei ematen diete Igartza bekari esker argitaratu zuten lana, eta bikotekideak utzi eta gero bakarrizketa batean zalantza existentzialak azaleratzen dituen neska gazte bat da protagonista.

“Oso esaldi luze eta gogorrekin egiten du”, esan du Arantzegik, alboan Nerea Txapartegi Kulturako udal arduraduna, Xabier Paya Donostia 2016ko kultura zuzendaria eta Iñaki Gabarain Ernest Lluck kulturgunearen zuzendari eta Literaktumeko eduki koordinatzailea alboan zituela.

“El libro de mi destino”, bestalde, Irango liburu irakurriena da, nahiz eta hamaika aldiz zentsuratu duten, eta hogei hizkuntzatara itzuli dute.