Apirilaren 23a
Euskal hiriburuek kalean ospatuko dute Liburuaren Eguna
Erredakzioa
Liburu Azokak antolatu dituzte Donostian eta Bilbon, eta Gasteizen larunbatean dute hitzordua literatura lan berriekin. Artiumek bertsolari eta rap kantarien arteko topaketak antolatu ditu.
Aurten ere dena prest da Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzeko. Ohikoa denez, Euskadiko hainbat herri eta hiritan ditugu Liburu Azokak, eta bertan ikusgai eta erosgai liburu-denda, banatzaile eta argitaletxe ezberdinen lanik berrienak.
Aurten, Donostiak inoiz baino stand gehiago ditu Gipuzkoa Plazan: guztira 19 saltoki. Ostiralean, goizeko 09:30ean hasi da bertan jendearen joan-etorria. Standak gaueko 21:00ak arte egongo dira zabalik, etenik gabe, eta bertan salgai izango diren produktuetan ehuneko hamarreko beherapena aurkituko dugu. Bost euroko erosketa egiten dutenen artean, gainera, 350 liburu zozkatuko dituzte. Eguna bukatzean jakingo dugu zein den aurtengo lanik salduena (bai euskaraz zien gazteleraz), eta, beraz, zein lanek jasoko dute 2010eko Zilarrezko Euskadi Saria.
Bilbon, beste behin ere, Berastegi kalean dugu hitzordua, ostiralean. Guztira 58 saltoki jarri dituzte, eta 21:00ak arte izango dira zabalik. Hemen ere %10eko beherapena egingo dute erosketetan, eta krabelin gorria emango dute opari.
Gasteizen larunbatean egingo dute Liburu Azoka, Plaza Berrian, goizeko 10:00etatik gaueko 21:00etara. Ama Zuriaren enparantzan, gainera, hainbat ekintza izango dira, tartean liburuen zozketak, Miguel Delibesen omenezko txoko literarioa edo haurrentzako marrazketa eta irakurketa txokoa.
Liburuaren Eguna ospatzeko, hainbat ekintza
Literatura lan berriak kalera ateratzeaz gain, hainbat ekintza antolatu dituzte gure hiriburuetan eguna ospatzeko.
Donostian, ostiral goiz osoan zehar, txikienek marrazki tailerra izango dute Iraia Okina ilustratzailearekin. Jarraian Oihulari Klown taldearen ikuskizunaz ere gozatu ahal izango da. 15:00etan, Andia kaleko Kutxa Aretoan, Alfonbra magikoa ikuskizuna taularatuko dute; eta, 18:00etan, kontzertua emango izango da Gipuzkoa Plazan, Udal Musika Eskolako ikasleen eskutik.
Bilbon, ekimen berezia antolatu du Berreginen Museoak: bertan ikusgai ditugun eskulturen ondoan, testu klasikoak jarri dituzte Liburuaren Eguna ospatzeko. Virgilio, Homero, Euripides eta Ovidio egile klasikoen aipuak dira, eta eskulturei egiten diete aipamen. Gainera, Bizkaiko hiriburuko Iruña, La Granja eta Campos Eliseos Antzokiko kategietan liburuak emango dizkiete opari bertara bazkaltzera gerturatzen direnei. Bazkaltzeko Liburu Menu berezia aurkituko dugu bertan, eta bezeroak berak aukeratu ahal izango du zein duen egun horretan ''''bazkaltzeko gustokoen'''', aukeran emango duten eskaintza zabalaren artean. Ia hogei urte dira ekimena hasi zutela, eta guztira 9.500 ale baino gehiago eman dituzte opari.
Ostiral honetan, apirilaren 23an, Liburuaren Eguna ospatzeko gonbita luzatu du ere Gasteizko Artium Museoak. Horretarako hainbat ekintza antolatu ditu: artearekin eta kultura garaikidearekin zerikusia duten testuen jendaurreko irakurketa, zinemarako gidoi gisa egokitu diren literatur lanen erakusketa, eta rap kantarien eta bertsolarien arteko topaketa bat, ahozko literaturaren unibertsaltasuna ospatzeko. ''''Bertso-rap-mix'''' izena jarri diote, eta bertan izango dira Jexux Mari Irazu eta Jon Maia bertsolariak eta Javicio (Javier Ibarra) eta Sasa (Fernando Mendez) gasteiztar rap kantariak. Ez da gaur Gasteizen aurkituko dugun proposamen bakarra: Goiuri Jauregian Miguel Hernandez idazlea omenduko dute, bere jaiotzaren mendeurrenean. Bertan Los Trotamundos taldeak kontzertu poetikoa eskainiko du, 20:00etatik aurrera. Sarrera doakoa da, aforoa bete arte.