Itxi

Eskuizkribuak

Kafkaren ondarea Israelgo Liburutegira, epailearen aginduz

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Israelgo Liburutegi Nazionalak Max Brod zenaren, Franz Kafkaren editore eta adiskidearen, ondarea jasoko du, tartean "Metamorfosia"ren egilearen hainbat eskuizkribu.

Israelgo Liburutegi Nazionalak Max Brod zenaren, Franz Kafkaren editore eta lagunaren, oinordetza jasoko du, Auzitegi Gorenak zortzi urteko auzibideari azkena eman eta gero. Kafkaren eskuizkribuen bilduma handiena dago idatzi horien artean.

Israelgo Auzitegiak Broden nahia errespetatzearen alde egin du bere epaian; izan ere, Kafkaren herentzia Israelgo Liburutegi Nazionalean gordetzea eskatu zuen haren lagun eta editoreak, 1968an hil aurretik. Esteher Hofferen, Broden idazkariaren, oinordekoek, baina, eskaera horren aurka egin zuten 2007an.

Gaur egun, materiala Chavah Hofferen apartamentuan gordeta dago, Tel Aviven, baita munduan zehar zabaldutako hainbat kutxa gotorretan ere, liburutegiak ohar batean azaldu duenez.

Liburutegi Nazionalak jasoko duen materialaren artean, Kafkaren eta Broden arteko eskutitz trukaketa dago, baita Broden zenbait idatzi eta “Metamorfosia”ren egileak egindako zenbait marrazki ere.

Franz Kafka 1924an hil zen, tuberkulosiak jota, eta Pragan lurperatu zuten. Hildakoan, idazlearen etxeko idatziak hartu zituen Brodek –nahiz eta Kafkak erretzeko eskatu zion- eta 1939an naziengandik babestu zituen.

1968an Brod Tel Aviven hil zenean, bere ondasun guztiak artxibo publiko batera eramateko eskatu zuen. Hala ere, Eva Hoffek Broden idazkariak, idatzietako batzuk saldu eta beste batzuk seme-alabei eman zizkien. 2007an Hoffe hil zenean hasi zuen aferak auzibidea.