40. edizioa
Bilboko Liburu Azokaren azken txanpa
Erredakzioa
10 eguneko hitzordua izan da. 60 erakustokik eta 100 idazlek hartu dute parte. Amélie Nothomb idazleak Kritikaren Saria jaso du, eta Zilarrezko Idazluma Asa Larsson suediarrari eman diote.
Igande honetan amiera emango diote Bilboko Liburu Azokaren 40. edizioari. Aurten 60 erakustoki izan ditugu Bizkaiko hiriburuko Areatzan, eta bertatik 100 idazle pasa dira, eskarmentu handiko egileak zein idazle hasiberriak. Eduardo Mendoza eta Antonio Muñoz Molina ezagunek hartuko dute parte, besteak beste, aurtengo ediziorako antolatu dituzten ekimenetan.
2010ean 40 urte bete ditu Bilboko Liburu Azokak, eta, urteurren hori ospatzeko, aurtengo erakusketak Bilboko Azoka jorratu du.
Amélie Nothomb: ''''Aparteko xanpain edale baten nortasuna usurpatzea gustuko izango nuke''''
Ekainaren 3an hasi ziren 40. edizio honetako ekitaldiak. Amélie Nothomb Belgikako idazleak Kritikaren Saria jaso du Ordeno y mando bere azken lanagatik. Nortasun usurpatze batean oinarritzen da eleberria, bertako protagonistak etxeko atean hil berri zaion ezezagun baten nortasuna bereganatzea erabakiko baitu. ''''Hildako tipoa aparteko xanpain edalea da'''', esan du Amelie Nothombek. ''Gustuko izango nuke aparteko xanpain edale baten nortasuna usurpatzea'''', gaineratu du.
Nothomb Japonian jaio zen, orain 42 urte. Azken 21 urte hauetan urtero eleberri bat kaleratzeko ohitura hartu du, eta ez du ohitura bakarra hori: goizaldeko lauetatik goizeko zortzietara lan egin ohi du idazleak.
Zilarrezko Idazluma Saria, Asa Larsson idazlearentzat
Asa Larsson idazle suediarrak jaso zuen pasa den astelehenean, ekainaren 7an, aurtengo azokako Zilarrezko Idazluma Saria. Orain arte bi eleberri bakarrik kaleratu ditu (La aurora boreal eta Sangre derramada), eta eleberri beltza gustuko dutenen artean idazle kuttunenetako bat da dagoeneko.