Sariak
Euskadi Literatura sariak, Mitxelko Uranga eta Uxue Alberdirentzat
eitb.eus
Euskarazko saiakeraren eta haur eta gazte literaturaren ataletan irabazi dute Urangak eta Alberdik. Gaztelaniazko saiakera ataleko irabazlea Fernando Mikelarena izan da, eta ilustraziokoa Mikel Casal.
Euskadi Literatura sarien hainbat atalen berri eman du gaur Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak. Euskarazko saiakeraren arloan, Mitxelko Uranga izan da irabazlea, “Tartaroa. Mina, boterea eta egia” lanagatik; haur eta gazte literaturaren sailean, Uxue Alberdirentzat izan da saria, “Besarkada” Maite Gurrutxagarekin batera eginiko liburuagatik.
Bestalde, gaztelaniazko saiakeraren arloan, “Sin piedad. Limpieza política en Navarra, 1936” Fernando Mikelarenaren liburua saritu dute, eta ilustrazioaren arloan “Así es la dictadura” Mikel Casalen lana izan da onena, epaimahaiko kideen ustez.
Saridunetako bakoitzak 18.000 euro jasoko ditu, eta, liburua beste hizkuntza batean argitaratuz gero, 4.000 euro gehiago.
Epaimahaikideen aburuz, "Tartaroa. Mina, boterea eta egia lanak hainbat funtsezko gizarte-gogoeta plazaratu ditu egungo pentsamendu filosofikoan gako diren eztabaidetan sakontzeko". Globalizazioa, demokrazia, kontsumismoa, biktimismoa, terrorismoa eta egungo gizartearen beldurrak eta mamuak hartzen ditu hizpide lanean Mitxelko Urangak (Berango, 1978).
“Besarkada” Uxue Alberdi (Elgoibar, 1984) idazleak Maite Gurrutxaga ilustratzailearekin batera eginiko lanak “besarkada batek sortarazten duen zirrara” biltzen du, Euskadi Literatura sariko epaimahaiko kideen ustez. “Txikitasunaren handitasunari gorazarre egiten dio, eta agerian uzten du literaturaren oinarrizko balio sotila: zu, ni, hitzak, irudiak eta guztiak biltzeko une bat”.
Ilustrazioaren arloan, Mikel Casalen (Donostia, 1965) lanari buruz, epaimahaiak hau azpimarratu du bereiziki: “Prentsako autore bezala duen dibulgazio-gaitasuna aprobetxatu du, eta baliabide espresiboak haurrentzako album-formatura egokitzen jakin du. Ilustrazioek, 70eko hamarkadako herentzia grafikoa oinarri hartuta, ederki erakusten dute zer garaitan kokatzen den testua”.
Amaitzeko, gaztelaniazko saiakera modalitatean, epaimahaiaren aburuz, "ikerketa zorrotz batetik abiatuta, Fernando Mikelarenak (Bera, 1962) gonbita egiten du gizarte-sentiberatasun handiko gai bati buruz hausnartzera. Ikerketa eta hausnarketa uztartzen dira, batetik, iragana argitzeko, eta, bestetik, informazioak, hamarkadetan isilarazi direnak edo zatika eta zurrumurru bezala zabaldu direnak, dokumentu historikoaren kategorian sendotzeko". Izan ere, "Sin piedad" liburuan, Nafarroan 1936an gertaturiko garbiketa politikoaren erantzukizunak jorratzen dira, kolpistek estatuko lurralde horretan erail baitzuten Frente Popularraren boto-emaile gehien, datuak ehunekoei erreparatuz alderatuta.