ELKARRIZKETA
'Liburuak arreta apur batekin irakurrita ohar daiteke non egon naizen'
eitb.eus
Joseba Sarrionandiak elkarrizketa eskaini dio Habanan bizi den Jose Goitia kazetariari. Hainbat komunikabidek solasaldia kaleratu dute, eta baita Sarriren argazki berria ere, 30 urteren ostean.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Joseba Sarrionandia komunikabideetako lerro-buruetan da berriz ere; oraingoan, baina, argazkia beste bat da, eta idazleak berak hitz egiten du bere buruaz. Izan ere, Sarrionandiak elkarrizketa eskaini dio Habanan bizi den Jose Goitia kazetari baxenafarrari, eta solasaldia kaleratu dute hainbat komunikabidek (Berriak, Garak eta Grupo De Noticias taldeak). Sarriren argazki berri batek bete du egunkarien azala, lehen irudia 30 urteren ostean.
Elkarrizketa horretan idazleak baieztatu du Habanan (Kuban) bizi dela, ''bizimodu normala eginez''. ''Harritzen naiz diotenean ezkutaturik bizi naizela, edo ez dudala argazkirik ateratzen uzten. Aspaldi ez naizela ezkutatuta bizi, horrek ez du esan nahi prentsan agertzea gustatzen zaidanik'', esan du.
Urte hauetan non bizi izan den galdetuta, pistak eman ditu: ''Nire liburuak arreta apur batekin irakurtzen dituena ohartuko da non ibili naizen''.
Horri lotuta, urte hauetako bizimoduaren diskrezioaz egin du hausnarketa: ''Idaztea hartu dudanez zeregintzat, nahikoa dut horretarako gela bazter bat lasai esertzeko, eta ja, idatz dezaket. Gustura egoten naiz idazten, edo lagunekin ateratzen naiz, edo ilargiari begira ibiltzen. Baina ez dakit zertarako azaldu behar dudan nik prentsan, ez bada liburu bat azaltzeko edo. Aterako didazun argazkiarekin, espero dut espektakuluaren gizarteari zor diodan zerga ordaintzea, ez dezatela esan ez dagoela nire argazkirik eta kito, ea lan egiten uzten didaten. Hiru behintzat atera; bestela, txotxoloren bat etorriko da hogeita hamar egitera'', gaineratu du.
''Zergatik ez zara itzultzen Euskal Herrira?'', galdetu dio Goitiak. ''Arrazoi politiko konkretu batengatik. Espero dut berandu baino goizago konponduko dela'', erantzun du.
Sarrionaindiak ez du inolako erantzukizun zibilik konpontzeke, Auzitegi Nazionalean irekita zituen auzi guztiek preskribatu egin dutelako. 1985ean Donostiako Martuteneko kartzelatik egin zuen ihes, Iñaki Pikabea presoarekin batera, Imanol kantariaren emanaldi baten ostean, bi bafletan ezkutatuta.
Bakegintza, ETA, torturak eta presoak
Igande honetako elkarrizketan, Sarrionandiak bakegintza prozesua, ETArekiko lotura eta presoak izan ditu hizpide, besteak beste. ''Bake prozesua beharrezkoa zen, eta hogei urte lehenago egin izan balitz, hobe, nire ustez; desgrazia pila bat izango genituen gutxiago'', esan du.
''Ni ETAko komando batean ibili nintzen 70eko hamarkadaren amaieran, orain kriminalizatzen nauten batzuk bezala. Gero, luzaroan, alde batetik bestera ihesean eta ezkutuan ibili banaiz, ez da izan ETAkoa izateagatik, baizik eta polizia espainolak harrapatu nahi ninduelako'', azaldu du Sarrionandiak. ''Baina orduan zergatik ez duzu urte haietan publikoki zure ikusmodua deklaratu?'' galdetuta, zera erantzun du: ''Zer esan behar nuen nik publikoki, sanbenitoa saman ipinita Inkisizio Espainolari begira, XVII. mendeko sorgin bat bezala pertsegitzen ninduten eta!''.
''Harritu nintzen Interneten argazki zahar bati so egitean ikusiz nola 1985ean, ihesaren berri ematean, El Correo Español kazetan agertzen zinen argazkian, dudarik gabe aurpegia kolpaturik. Zer zen hori?'', galdera ere egin dio Goitiak. ''Erretratua 1980koa da; detenituta nengoen bigarren edo hirugarren egunean atera zidaten, eta gero beste sei egunez jarraitu zuten torturatzen. Euskal gaiagatik detenitzen zuten jendearen gehiengoa torturatzen zuten sasoi hartan, nire ustez. Eta ez zekitela esaten dute batzuek, eta torturatuen aurpegiak argitaratzen zituzten prentsan! Normala zen, eta urterik urte izan da ohikoa tortura. Eta seguru jarraitzen dutela torturatzen. Orain argazkirik ez dute argitaratuko beharbada. Orain egun batzuk ez zuten ba poliziek senegaldar bat hil Iruñeko komisaldegian? Ez omen dakitenek alderantziz gertatu izan balitz jakingo zuketen, ez?'', erantzun du.
Presoen inguruan ere galdetu diote, Sarrionandiari. ''Gerra bat edo konflikto politiko bat dagoenean, justizia trantsizional bat egoten da, ez? Baina Espainiak ez du nahi bakerik, eta hanka bakarrarekin ibiltzea bezalakoa izango da orduan bake prozesua. Presoak libre utzi behar lituzkete. Artean, niretzat, bahitu politikoak dira. Egia da desastre asko egin direla, baina beste harreman batzuk eraiki behar dira, eta, gainera, injustizia konparatiboagatik ere libre egon beharko lirateke'', egin du hausnarketa.
Euskadi Literatura Saria eta Arrasateko hitzaldia
Azken urteotan bere inguruan piztutako ''eskandalo''en inguruan galdetuta (Euskadi Literatura Saria, Mondragon Unibertsitateko hitzaldiak...), Sarrionandiak uste du ''prentsako globoak'' direla, ''nire lanarekin edo bizimoduarekin zerikusi gutxi dutenak''. ''Prentsa horia esaten zen lehen; politika horia ere esango nuke nik, politika ere gai batzuen inguruan oso horia delako'', uste du.
Horri lotuta, Habano lanaren ingurukoak ere azaldu ditu idazleak. ''Ba, irakurle lanpostu bat konbokatu zuten Habanako Unibertsitatean, Etxepare Institutuak, eta, besterik gabe, oposizioetara aurkeztu nintzen. 39 lagun aurkeztu ziren, esan zidatenez. Puntuazioaren arabera, hiru pertsona aukeratu zituzten Euskal Herrian. Eta gero, Habanako Unibertsitateak hiru horietatik bat aukeratu behar zuen, eta, puntuazioa aintzat hartuta, lanera etortzeko abisatu zidaten uztailean''.
Azken lanak
Idazle gisa egindako azken lanen inguruan ere hitz egin du elkarrizketan, tartean Kolosala izango da eta Lapur banden etika ala politika. Halaber, poesia antologia bat ere osatu du, gaztelaniarako itzulpenarekin . ''Hilda dago poesia? deitzen da. Eta Pamiela editorialean argitaratuko da. Ez pentsa ni izan naizenik, e? Segur zuk baduzula zerbait ikustekorik… modu batean edo bestean'', azaldu du.
''30 urte pasa dira argazkirik gabe, lan publikorik gabe, eta gaur zer? Bizimodu berri bat izanen duzu?'', galderarekin bukatu du elkarrizketa Goitiak. ''Berdin-berdin jarraituko dudala uste dut. Ni agertzen naizen argazkiak ez zaizkit bereziki gustatzen. Idazten jarraituko dut, horretan zerbait aportatu ahal izango dudalakoan'', esan du Sarrionandiak.
Sarrionandiak. Sarrionandiak. Sarrionandiak. Sarrionandiak.