GetxoPhoto 2010
Estatubatuar arruntaren neurrigabeko sexu ohiturak, Naomi Harrisekin
Erredakzioa
Kanadako argazkilaria 'America Swings' izeneko liburua aurkezten ari da gurean. Bere lana GetxoPhoto jaialdian dugu ikusgai.
Naomi Harris argazkilaria gure artean dugu. Bilboko Fnac dendan izango da gaur bere azken liburua aurkezten. America Swings izeneko lanean, estatubatuar xumearen neurrigabeko sexu ohiturak argazki bidez islatu ditu Kanadako artistak. AEBetako hirietan barrena ibili da Harris hainbat urtetan, swingers izeneko lagun ezezagunen bila. Bikotekide trukea, talde-sexua, bakarkako sexua eta orokorrean sexua bilatzen duten pertsona arruntak dira swingers. Harrisek talde horretako partaideen ohiturak argazkitan bildu ditu. Ezohiko bizitza sexuala duten pertsona xumeak dira irudietako protagonistak, eta egileak berak ''''Estatu Batuetako subkulturako'''' partaide gisa definitu ditu. Hiri ezezagunetan ohiko lanbidea duten pertsona arruntak dira, baina ezohiko bizitza sexuala dute.
Irudietako protagonisten konfiantza bereganatzeko, beraiekin bat egin du Harrisek. Horrela, 48 hilabetez, 38 festatan gertatzen zenari argazkia ateratzeko aukera izan zuen artistak, AEB osoa zeharkatuz.
Toronton (Kanada) jaio zen Naomi Harris, 1973an. New Yorken argazkilaritza ikasi ondoren, besteak beste, Fortune, Flaunt, Life eta Heeb aldizkarietan argitaratu du bere lana.
20:00etatik aurrera, America Swings liburua aurkeztuko du Bilboko Fnac dendan, eta, solasaldia eskaini ondoren, lanak sinatu ere egingo ditu. Ekitaldia GetxoPhoto 2010 jaialdiaren barnean kokatzen da, egun hauetan Harrisen lana ikusgai baitago kostaldeko udalerrian.