AITORPENA
Espainiako Narratiba saria Fernando Arambururentzat, 'Patria' liburuagatik
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Epaimahaiak idazle donostiarraren borondatea nabarmendu du, Euskal Herriko 'urte gatazkatsuen inguruan eleberri globala' idazteko.
Fernando Aramburu idazle donostiarrari eman diote 2017ko Espainiako Narratiba saria, Patria liburuagatik. Epaimahaiak "pertsonaien sakontasun psikologikoa, tentsio narratiboa eta ikuspuntuen integrazioa nabarmendu ditu, baita Euskal Herriko "urte gatazkatsuen inguruan eleberri global bat" idazteko borondatea ere.
Espainiako Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak banatzen du urtero saria eta bere xedea urteko Espainiako Estatuko eleberririk onena saritzea da. 20.000 euroko saria jasoko du Fernando Aramburuk.
Ez da Fernando Aramburuk Patria lanarekin irabazten duen lehen saria, izan ere, Francisco Umbral Saria, Narratibako Kritikaren Saria eta aurtengo Euskadi Literatura Saria ere bereganatu ditu, azken hori Gaztelaniazko Literatura sailean. Horrez gain, kritikaren eta publikoaren onespena izan du.
Oscar Saenz de Santamaria eta Javier Pascual izan dira epaimahaiko presidentea eta presidenteordea, hurrenez hurren, Espainiako Gobernuko Kultura Ministerioko Liburu eta Kultur Industrien zuzendari nagusia eta Liburuaren, Irakurketaren eta Espainiako Letren zuzendariorde nagusia.