Itxi

Azaroaren 26tik 28ra

Antonio Altarriba Getxoko Komiki Azokan izango da

Erredakzioa

Joan den asteartean 2010eko Komiki Sari Nazionala eman zioten Altarribari. Paco Roca 2008ko irabazlea ere Getxon izango dugu, eta Radio Euskadiko ''Pompas de Papel'' saioak omenaldia jasoko du aurten.

Espainiako Komiki Saria eskuratu berri duen Antonio Altarriba gidoilaria aurtengo Getxoko Komiki Azokan izango dugu, datorren azaroaren 26tik aurrera.

Zaragozan jaioa, Gasteizen bizi da Altarriba, eta Astiberri euskal argitaletxearekin lotura handia du. Joan den asteartean jakin genuenez, Altarriba eta Kim ilustratzailea dira aurtengo Komiki Sari Nazionalaren irabazleak, El arte de volar lanarekin. Aurtengo sarituaz gain, 2008ko irabazlea ere izango dugu aurten Getxon. Paco Roca egilea geurean izango da, El invierno del dibujante azken lana aurkezteko.

Aurtengo edizioan komiki munduko bete izen ezagun batzuk ere gonbidatu dituzte: Gilbert Shelton, Frederik Peeters, Stuart Immonen, Ken Niimura, Ángel Unzueta eta ''''El Jueves'''' aldizkariko hainbat egile, besteak beste. Argitalpen honek jasoko du aurtengo omenaldietako bat, bere ibilbide luzeagatik. Radio Euskadiko ''''Pompas de Papel'''' saioak ere aipamena izango du aurten, komikien mundua hedatzeko egiten duen lanagatik.

Ohi bezala, Areetako geltokiko plazan izango da hitzordua, eta bederatzigarren edizio honetan 80 stand izango ditugu ikusgai. Horietan komiki-dendak, liburu-denda espezializatuak, aldizkariak, fanzineak eta argitaletxeak egongo dira. Esparru komertzialaz gain, hainbat ekitaldi egingo dituzte hiru egunetan zehar.

Erakusketak ez dira faltako aurten. Azokan bertan, Javier de Isusi, Ken Niimura eta Angel Unzueta egileen monografikoak izango dira ikusgai.

Albisteak (4)

Informazio gehiago (1)