Itxi

Literatur digitala

Gurebook.com: abian da euskal liburu digitalen plataforma berria

Erredakzioa

Eskura dugu, gaurtik aurrera, euskal ekoizpen literarioan espezializatutako lehenengo on line denda. Atari berriak 166 liburu digital ditu dagoeneko. Paperezkoak baino %70 merkeago salduko dira.

Gurebook.com euskarazko liburu digitalak Interneten eskaintzen dituen lehenengo on line plataforma aurkeztu berri dute Plazagunea eta Libenet garapen teknologikorako enpresek. Hasiera honetan, proiektuarekin bat egin dute Alberdania, Elkar eta Erein argitaletxeek. Horrela, haien ekoizpenak on line denda berri honetan digitalki jarri dituzte eskura.

166 liburuk osatuko dute hasierako katalogoa, gehienbat, eleberriak diren literatur nobedadeak. E-books-en %60a euskarazko tituluak izango dira, eta gainontzeko %40a, gaztelaniazkoak. Argitaletxe bakoitzak zehaztuko du prezio baina proiektuaren arduradunek aditzera eman dutenez, paperezko liburuak baino %70 merkeago erosi ahal izango ditugu.

Gurebook.com "euskal ekoizpen editorialari esklusiban" dedikaturiko webgunea izango dela adierazi dute ekimen berri honen arduradunek. Honen harira, "Euskal Herriko argitaletxeak eta kontsumitzaileak hurbiltzea" izango du helburu. Estreinatutako plataformak, gainera, eztabaida sustatzeko eta webgune bera hobetzeko blog bat jarri du martxan.

Ostegun honetan aurkeztu dute Donostian on line denda berria eta datorren abenduaren 4an hasiko den Durangoko Euskal Liburu eta Diskoaren Azokan sustatuko dute.