Itxi

66 urte zituela hil zen

Agur hunkigarria Xabier Leteri

Erredakzioa

Bere aldeko elizkizuna egin dute Urnietan, eta eliza atarian ''Xalbadorren heriotzean'' kantatuz eman diote azken agurra senide eta lagun ugarik.

Xabier Lete. Argazkia: EITB

Euskal kulturak agur hunkigarria eman dio Xabier Leteri, astearte honetan Urnietan egin duten elizkizunean. Herriko eliza txiki geratu da, bertan euskal artistaren senitarteko eta lagun ugari bildu baitira, tartean Nestor Basterretxea, Joan Mari Torrealdai, Benito Lertxundi, Gontzal Mendibil, Ruper Ordorika eta Mikel Urdangarin.&' || 'nbsp;Isabel Celaá Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia ere bertan izan dira.

Agur bero eta hunkigarria egin diote Leteri, eta euskal artistaren bi desio bete dituzte elizkizunean: Joxean Goikoetxea musikariak eskusoinua jo du, eta Felix Zubia Leteren medikuak bertso bat kantatu du. Elizkizuna amaituta, eliza atarian ''''Xalbadorren heriotzean'''' kantatuz eman diote azken agurra bertaratutakoek.

Senitartekoak, lagunak, euskal artistak eta ordezkari politikoak ere izan ziren astelehenean Hernanin, Xabier Leteren hil-kaperan, azken agurra emateko. Euskal artista larunbatean hil zen, 21:30ean, Donostiako Ospitalean, gaitz luze eta larri batek jota. Ostiraletik zegoen erietxean sedatuta eta medikuak ezkor agertzen ziren.

Astelehenean erraustu zuten gorpua, Donostiako Polloe ehorztetxean eta elizkizuna astearte honetan egin dute, Urnietan, bertan eman baitzituen bere bizitzaren urte gehienak.

Erreakzioak

Patxi Lopez lehendakaria Xabier Leteren heriotzari buruz mintzatu zen. "Euskal gizarteak asko zor" diola adierazi zuen, izan ere, "une txarrenetan ere gizakiaren duintasunak mugarik ez duela erakutsi digu". Era berean, Letek utzitako ondarea "haizeak inoiz eramango ez dituen milaka hitzez eta soinuz osatuta'''' dagoela gaineratu zuen lehendakariak. "Euskarak aurpegi eta izen anitz ditu, milaka emakume eta gizon, euskararen alde etengabe lan egin dutenak''''.

Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua nahigabetuta azaldu zen "olerkari eta kantari handia'''' galdu dugulako. "Ikuspegi humanistari sendo eutsi zion erreferente handia galdu dugu", esan zuen Urgellek. Gainera, Leteren "demokraziaren gaineko balioa" azpimarratu zuen. "Guztiok botako dugu faltan", gaineratu zuen.

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak antzera hitz egin zuen. "Hunkituta" hartu zuen Leteren heriotza, "euskal arimaraino heldu baitzen". "Bere herriarekin eta garaiarekin konpromisoa hartu zuen", azaldu zuen ahaldunak, "eta gure euskal nortasunaren funtsezko zatia" izan zen oiartzuarra. Hil bada ere, "bere ondare handia gurean izango dugu betiko", esan zuen Olanok.

Omenaldia, Durangoko Azokan

Euskal kulturaren funtsezko erreferentea igande eguerdian omendu zuten Durangoko Azokan. Azokara bertaratu zirenak Landako gunearen aurrean bildu ziren eta, Euskal Kantuzaleen Elkartekoekin batera, ''''Xalbadorren heriotzean'''' abestu zuten Leteren omenez. Bat-bateko kantaldi xume horrekin batera, egunean zehar Ahotsenean ere izan zuten gogoan aurkezpenetan parte hartu zuten sortzaileek.

Gainera, Urnietako udal ordezkariek ez ohiko osoko bilkura egin zuten, Letek "euskal kulturari egindako ekarpen unibertsala" aitortzeko. Euskal artista Oiartzunen jaio zen, baina bizitza osoa Urnietan eman zuen.


Albisteak (4)

Bideoak (3)