Urtarrilak 31 - otsailak 5
Euskal literatura beltza BCNegra jaialdian
Erredakzioa
José Javier Abasolo, Jon Arretxe, Aingeru Epalza eta Asier Muniategik euskal literatura beltza eta kriminalaren errealitate eta etorkizunari buruz hitz egingo dute Bartzelonan.
Bartzelonan urtero egiten duten BCNegra jaialdian euskal literaturaren ordezkaritza egongo da lehen aldiz. Nazioarteko 50 egiletik gora egongo dira urtarrilaren 31tik otsailaren 5era egingo duten jaialdian. Bartzelona, Suedia, Alemania, Florentzia, Trieste eta Marseilako nobela beltzan adituekin batera, euskal literaturaren ordezkaritza egongo da.
José Javier Abasolo, Jon Arretxe, Aingeru Epalza eta Asier Muniategik euskal literatura beltza eta kriminalaren errealitate eta etorkizunari buruzko mahai-ingurua egingo dute datorren otsailaren 3an Virreina jauregian, 17:15etan.
Guztira 26 argitaletxek parte hartuko dute, tartean Erein Argitaletxea. Izan ere Uzta Gorria sailaren sorrerarekin genero honen aldeko apustua egin zuten eta dagoeneko 10 argitalpen ditu.
Jaialdiak Manuel Vázquez Montalbán omenduko du Pepe Carvalho detektibeari buruzko ziklo batekin. Idazleak zuen kazetaritzarako joera biltzen duen erakusketa bat ere egingo dute.