Poesiaren Nazioarteko Eguna
Xabier Lete omenduko dute gaur, Bilbon
Erredakzioa
Poesia eta musika errezitaldia egingo dute, abenduan zendu zen euskal abeslari eta olerkaria omentzeko. Karlos Gimenezek, Joserra Gartziak, Joxan Goikoetxeak eta Antton Valverdek hartuko dute parte.
Poesiaren Nazioarteko Eguna ospatuko dute gaur Bilbon, eta Xabier Lete euskal abeslari eta olerkaria omenduko dute bertan. Joan den abenduan zendu zen Lete, eta poesia eta musika errezitaldia antolatu dute Bilbon, Bidebarrieta liburutegian, euskal kulturaren izen handienetako bat gogoratu eta omentzeko. 19:30ean hasiko da emanaldia.
Leteren testuak eta doinuak ekarriko dituzte gogora, egilearen hainbat kide eta lagunen eskutik. Karlos Gimenezek, Joserra Gartziak, Joxan Goikoetxeak eta Antton Valverdek hartuko dute parte.
UNESCOk bultzatuta, orain hamar urte hasi zen Poesiaren Nazioarteko Egunaren ospakizuna. Hainbat ekimen egiten dira urtero martxoaren 21ean, herrialde guztietan poesiaren inguruan egiten diren jarduerak eskertzeko eta poesia oinarrizko kultura forma gisa sustatzeko.