Letren eta hizkuntzen jaialdia
Literatura jorratzeko proposamen berriak, Literaktum jaialdian
Erredakzioa
Ekimenak beste adierazpide artistiko batzuekin uztartzen du literatura, hitzaldiak, elkarrizketak, proiekzioak eta kontzertuak programatuz. Maiatzaren 13tik 25era bitartean izango da.
Literaktum letren eta hizkuntzen jaialdiaren edizio berria hartuko du Donostiak, maiatzean. Ekimenak ikuspegi parte-hartzaile eta sortzaile batetik lantzen du literatura, beste adierazpide artistiko batzuekin erlazionatzeko. Hartara, hitzaldiak, elkarrizketak, tailerrak, proiekzioak, irakurketak, ikuskizunak eta musika emanaldiak programatu dituzte, aurreko edizioetan bezala.
Aurten, gainera, espazio gehiago gehitu dituzte (San Telmo Museoa, Victoria Eugeniako Club aretoa eta Antzoki Zaharra), eta iraupena luzatu egin dute: maiatzaren 13tik 25era egingo da Literaktum 2011, eta Claude Lanzmann, Bill Callahan, Maialen Lujanbio, Kumi Naidoo eta Günter Wallraff dira edizio honetako izen nagusietako batzuk.
Eztabaidak leku nabarmena izango du programan. Alde batetik, Kumi Naidoo Greenpeace Internazionaleko zuzendariak paradigma ekonomiko eta sozial berrien inguruko hausnarketa egingo du, eta Claude Lanzmann, Shoah lanaren egilea, Holokaustoaren inguruan arituko da, memoriaren berreskurapena landuz. Günter Wallraff kazetariak, bestalde, ''Gizarte injustiziak argitara ematen'' hitzaldia eskainiko du.
Musika arloan ere hitzordu aipagarriak ditugu: Txori Mugariak Maialen Lujanbiok, Xabier Erkiziak eta Stéphane Garinek sortutako&' || 'nbsp;ikuskizuna estreinatuko da jaialdiaren baitan, eta Bill Callahan musikariak ere zuzenekoa eskainiko du hilaren 21ean Antzoki Zaharrean.