Etxepare Euskal Institutua
Handituz doa euskararen presentzia nazioarteko unibertsitateetan
Erredakzioa
Etxepare Euskal Institutuak euskara irakurletza jarri du martxan Konstantza hiriko (Alemania) unibertsitatean. Gainera, euskal ikaskuntzen katedra sortuko dute Chicagoko Unibertsitatean.
Euskara eta euskal kultura munduan hedatzeko ahaleginean, urrats berriak eman ditu Etxepare Euskal Institutuak.
Irailetik aurrera Alemaniako Konstantza hiriko unibertsitatean euskara irakurlertza izateko akordioa sinatu dute Aizpea Goenaga Etxepare Institutuko zuzendariak eta Geogr Kaiser unibertsitate horretako katedradunak. Gizarte Zientzien Fakultatean egongo da, eta lotura handia izango du hizkuntzalaritza eta literatura sailekin. Goenagak azaldu duenez, Etxepare Institutuarentzako leku estrategikoa da Alemania, eta beste bi unibertsitatetan badira, jada, irakurleak: Frankfurteko Goethe Unibertsitatean eta Berlingo Freie Unbertsitatean.
Horrez gain, Koldo Mitxelena zenaren izena izango duen euskal ikaskuntzen katedra ere sortuko dute Chicagoko Unibertsitatean. Etxepare Institutuak martxan jarriko duen bigarren katedra izango da. Izan ere, irailean Bernardo Atxaga katedra irekiko da New Yorkeko City University unibertsitatean. Idazlea bertan izango da, eta euskal literatura, zinea eta kulturarekin erlazionatutako ekintza ugari ospatuko dira Manhattanen, irailaren 11tik 18ra bitartean.
Egun euskarazko 25 irakurletza daude munduan, eta, aurki, 30 izango dira. Guztira, 5.000 ikasle.