Ekainaren 5era arte
Iruñeko Liburu Azokaren X. edizioak itzultzaileak omenduko ditu
Erredakzioa
Guztira, 11 liburudendek parte hartuko dute eta aurten, Miguel Martinez-Lage itzultzaileari egingo diote omenaldia, "oso gutxi baloratzen duten sektore honetako figura oso garrantzitsua" delako.
Abian da ostiral honetatik, maiatzaren 27tik, Iruñeko Liburu Azokaren X. edizioa. Literatura arloko azken nobedadeak eskainiko dituzte hamaika liburudendek.
Aurtengo edizioak itzultzaileak izango dituzte gogoan, izan ere, joan den apirilaren 15ean hildako Miguel Martinez-Lage itzultzailea omenduko dute. Azoka antolatu duen elkartearen presidentearen hitzetan, "ingelesez idatzitako literatura itzultzaileen artean, izen handia da Martinez-Lage". Honek 2008. urtean eskuratu zuen saririk handiena, James Boswellwk idatzitako Samuelen bizitza eleberriaren itzulpenagatik Itzulpen Sari Nazionala irabazi zuelako.
Aurtengo edizioak aldarrikapen izaera ere izango du, itzultzaileei eskainitako erakundeen babes handiagoa eskatzeko. Nafarroako Liburu-Saltzailearen presidentearen hitzetan, itzultzaile gehienek "baldintza kaxkarretan egin dute lan eta haien zereginak ez dira behar bezala aintzat hartzen". Honen arabera, itzultzaileen lana "garrantzi handikoa" da, haiek "gure hizkuntzan irakurri nahi ditugun liburuak kaleratzea" ahalbidetzen dutelako.
"Jatorrizko bertsioan egindako liburu bat itzulpen on bat bihurtzeko, itzultzailearen lan ona ere behar da", gaineratu dute.
Nafarroako Liburu-Saltzaileen Elkarteak antolatu du azoka. Krisi ekonomikoa egon arren, "kulturaz gozatzeko eta % 10eko beherapena duten libururen bat erosteko" jendea azokara hurbiltzea espero dute antolatzaileek. Gainera, idazleek liburuak aurkeztuko eta sinatuko dituzte, eta irakurketarako gunea ere izango dira.