Saria
Literaturako Nobel sariak, Olga Tokarczuk eta Peter Handkerentzat
eitb.eus
Suediako Akademiak aurtengo eta iazko sarien irabazleak iragarri ditu, 2018an ez baitzuten saririk eman hainbat kidek beren postuari uko egin ondoren sexu eskandalu batean nahasirik.
Olga Tokarczuk poloniarrak eta Peter Handke austriarrak irabazi dute Literaturako Nobel saria, Suediako Akademiak gaur ebatzi duenez. Tokarczukek 2018. urteari dagokion saria bereganatu du, eta Handkek 2019koa.
Epaimahaiaren ebazpenaren arabera, Tokarczuki saria emateko arrazoiak "irudimen narratiboa" eta "pasio entziklopedikoa" izan dira. Idazlearen fikziozko lehen lana, "The Journey of the Book-People", 1993an etorri zen, eta hirugarren eleberriak ekarri zion mundu mailako ospea, "Primeval and Others Times"ek. Akademiaren arabera, 1989az geroztik Poloniak egindako literaturaren adibide bikaina da Tokarczuken lana.
Bestalde, Handkeren lanari buruz azpimarratu dute "eragin handiko" lana egin duela, "asmamen linguistikoa" erakutsita eta giza esperientziaren periferia esploratu duela. 1966an argitaratu zuen "Die Hornissen", bere lehen eleberria, eta, "Offending the Audience" antzezlanarekin batera, gogor jo zuen literatura eszena. Berrogeita hamar urte baino gehiago pasatu direla, hainbat generotako hamaika lan argitaratu eta gero, Handke "Bigarren Mundu Gerraren ondorengo europar idazle garrantzitsuenetakoa da", Akademiaren aburuz.
“Die Angst des Tormanns beim Elfmeter” eleberria da bere lanik ezagunena, Josef Block atezain ohiaren bizipenak kontatzen dituena. Wim Wenders zinemagile eta Handkeren adiskideak pantaila handira eraman zuen, eta harekin lankidetzan aritu zen Handke “Zerua Berlin gainean” filmaren gidoian ere, besteak beste.
Suediako Akademiak bi sari eman ditu, azken 40 urteetan lehenengoz (Harry Martinsonek eta Eyyind Johnsonek saria partekatu zuten 1974an). Izan ere, 2018an ez zuten saria eman, Akademiako hainbat kide sexu eskandalu batean nahasita egon baitziren.
Literaturako Nobel saria 112 aldiz eman dute, eta 116 idazle saritu dituzte. Horietatik guztietatik, 15 soilik izan dira emakumeak, eta saridunek, batez beste, 60 urte zituzten jaso zutenean. Saridunen artean gazteena Rudyard Kipling izan zen, 41 urte zituela jaso baitzuen, eta Doris Lessing izan zen zaharrena, 88 urte zituela eman baitzioten.