Heriotza
Ernesto Cardenal nikaraguar poeta zendu da
Agentziak | Erredakzioa
Cardenalek oinarrizko pisua izan zuen Askapenaren Teologian, eta sandinismoan parte hartu zuen, Kultura ministro izanda.
Ernesto Cardenal poeta hil da bart, igandearekin, Managuan, 95 urte zituela, Luz Marina Acosta laguntzaile eta poetak Confidencial Nikaraguako atariari baieztatu dionez. Cardenalek parte-hartze garrantzitsua izan zuen Askapenaren Teologia sortzeko, eta lotura estua izan zuen mugimendu sandinistarekin eta Somoza diktadorearen aurkako borrokarekin.
Heriotzaren berri jasotakoan, Nikaraguako Gobernuak doluminak helarazi dizkie familiarteko eta lagunei, herriaren izenean. “Cardenal poetaren heriotzaren berri izan ostean, nikaraguar herriaren borrokari egin zion ekarpena aitortzen dugu”, esan dute agiri ofizial batean.
“Ernesto Cardenal (…) nikaraguar loria eta harrotasuna da, barne-barnetik miresten duguna”, erantsi dute idatzi ofizialean, hiru eguneko dolu nazionala deitu aurretik.
Cardenalek, Latinoamerikako azken idazle handienetakoak, osasun arazoak zituen (bihotzean eta giltzurrunetan). Hogei hizkuntzatara baino gehiagotara eraman dute bere obra, tartean euskarara, eta Frantziako Gobernuak Ohorezko Legioa aitortu zion.
Latinoamerikako borroka aurrerakoiekin eta Nikaraguako mugimendu sandinistarekin lotuta, Cardenal eta Askapenaren Teologia bultzatu zuten beste hainbat apaiz abadetzatik kanpo utzi zituen Joan Paulo II.a aita santuak 1984an.