Itxi

Idazlearen mintegia

Bernardo Atxaga katedra, New Yorken

Erredakzioa

Euskal literatura eta linguistika du oinarri, eta hilaren 16an inauguratuko dute. 'Kultura eta aldaketa politikoa Euskadin' mintegiarekin ekin dio bere bideari.

New Yorkeko Bernardo Atxaga katedra ibilbidea hastear dago. Euskal idazle ospetsuenetako batek euskal literatura eta linguistikari buruzko katedra bati izena emango dio New Yorkeko CUNY (City University of New York) unibertsitateko Graduondoko Zentroan. CUNYko ikertzaile eta adituei egongo da zuzenduta.

Hilaren 16an egingo dute inaugurazio ekitaldia, eta hezkuntza-jarduerak datorren astean hasiko dituzte, Bernardo Atxagak berak zuzendutako mintegi batekin. 'Kultura eta aldaketa politikoa Euskadin' ikastaroan idazketaz, euskal kulturaz eta politikaz egingo du hausnarketa idazleak, urriaren 12tik 16ra.

Halaber, Etxepare Euskal Institutuak, CUNYko Graduondoko Zentroak eta New Yorkeko Euskadiko ordezkaritzak hainbat ekitaldi antolatu dituzte astean zehar euskara eta euskal literatura New Yorkeko publikoari gerturatzeko asmoz.

Ostiralean, irailak 9, Mari Jose Olaziregik (Etxepare Euskal Institutuko Euskararen Sustapen eta Hedakuntzarako zuzendaria eta Atxagaren obran aditua) Asteasuko idazlearen lanez hitz egingo du.

Asteartean, Atxagak poesia errezitaldi bat eskainiko du Jabier Muguruza musikariarekin eta Amaia Gabantxo itzultzailearen laguntzarekin. 'Katuak eta Paradisua' izeneko ikuskizuna euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez izango da, eta musika eta literatura uztartuko ditu.

Zinemak ere izango du bere tokia. Aizpea Goenagak zuzendutako 'Zeru horiek' Atxagaren izen bereko eleberrian oinarritutako filma ikusi ahal izango da ostiralean (irailak 16).

Albisteak (3)