Saria
Haruki Murakami, Literatura Nobel Saria eskuratzeko kinieletan nagusi
Erredakzioa
Eguerdian emango dute saria Stockholmen. Japoniarrarekin batera, Tomas Tranströmer suediarra, Les Murray australiarra eta Adam Zagajewski poloniarra ere zerrendetan daude.
Eguerdian jakinaraziko dute Literatura Nobel saria eta faboritoen zerrendak nonahi ageri dira. Haruki Murakami japoniarrarekin batera, Adonis siriarra, Tomas Tranströmer suediarra, Les Murray australiarra, Ko Un korearra eta Adam Zagajewski poloniarra dira pronostiko guztien protagonistak.
Mundu mailako arrakasta lortu du Murakamik, baina bere lanek ez dute kritikaren interesa piztu. Unibet apostu-etxearen zerrendaren gailurrean dago eta Ladbrokes delakoaren lehenetan dago (Bob Dylan abeslari estatubatuarrak bigarren tokia hartzen duelarik).
Adonis eta Tranströmer azken urteotako zerrendetan izan dira eta apostuetan hobeto kokatzen diren poetak dira. Suediako Akademiak ez du 1996tik lirikaren bozeramailerik saritu (Wislawa Szymborska poloniarrak eskuratu zuen orduan). Denbora faktoreak ere Estatu Batuetako letren alde egiten du. 1993tik (Tony Morrisonek jaso zuen orduan) ez dute saririk lortu, hizkuntza ingelesa hainbatetan saritu duten arren, azkenik 2007an, Doris Lessing britainiarrarekin.
Azken urteotan Frantziako eta gaztelaniazko lanak saritu dituzte eta hizkuntza horrek ez zuen Nobela jasotzen azken bi hamarkadetan. Orduan, Jean Marie Le Clézio (2008) eta Mario Vargas Llosa (2010) peruarra saritu zituzten.
Estatu Batuetako hautagaien artean Cormac McCarthy, Jonathan Franzen, Thomas Pynchon, Joyce Carol Oates, John Ashbery eta E.L Doctorow daude.