Literatura jaialdia
Poesia Sari Nazionala irabazi duten lau idazle, BilboPoesia jaialdian
Erredakzioa
Felipe Benitez Reyes, Jose Corredor-Matheos, Olvido Garcia Valdes eta Joan Margarit Bizkaiko hiriburuan izango dira. Luis Eduardo Autek itxiko du aurtengo edizioa, errezitaldi berezi batekin.
Urriaren 13tik 23ra bitartean, Poesia Sari Nazionala irabazi duten lau idazle izango dira Bilbon, BilbaoPoesia literatura jaialdian parte hartzeko. Felipe Benitez Reyes, Jose Corredor-Matheos, Olvido Garcia Valdes eta Joan Margarit idazleekin batera, Valerie Mejer (Mexiko), Bob Holman (AEB) eta Jacques Roubaud (Frantzia) ere izango dira gurean.
Aurrekoetan bezala, Bidebarrietako Liburutegian egingo dute jaialdia, eta animalien inguruko poesia izango da aurtengo edizioko gai nagusia.
Poesia eta musika, jaialdi ireki eta ixteko
Harkaitz Cano eta Kirmen Uribe euskal idazleekin batera, musika munduko izen ezagunak ere ekarriko ditu jaialdiak Bilbora. Quique Gonzalez musikari madrildarrak 'Egun euritsuen ostean" ikuskizuna aurkeztuko du irekiera ekitaldian, Kirmen Uribe berarekin batera. Bestalde, Luis Eduardo Autek itxiko du aurtengo edizioa, 'Poemigas' errezitaldiarekin. Ikuskizunean, Autek berak sortutako marrazkiak ere proiektatuko dituzte.
Bi ikuskizunetarako sarrerak salgai daude jada, 6 euroan, Bidebarrieta Liburutegian bertan.
Erakusketa
Bidebarrietako Liburutegiak Agurtzane Sololuze artista eibartarraren erakusketa hartuko du urriaren 13tik 23ra. Oraingoan, Txinatik etorritako zetaren inguruko lana dakar artistak, eta zenbait egile euskaldunek eskuz idatzitako poemekin uztartu du zeta hori. Besteak beste, Harkaitz Cano, Luigi Anselmi, Miren Agur Meabe, Iñaki Irazu, Arantxa Urretabizkaia, Kirmen Uribe, Tere Irastortza eta Bernardo Atxaga idazleek hartu dute parte bertan.