'Euskara, jalgi hadi mundura'
Euskarazko hitzik politena aukeratu ahalko dute berlindarrek
Erredakzioa
Etxepare Institutua Berlingo 'Expolingua' azokan da, 'Euskara, jalgi hadi mundura' erakusmahaiarekin. Euskarazko 20 hitzen artean, fonetikoki politena zein den erabakitzeko aukera eskainiko dute.
Joan den asteburuan Londresko 'The Language Show' bisitatu ondoren, euskara Berlingo 24. 'Expolingua' azokan izango da orain. 'Euskara, jalgi hadi mundura' stand-arekin izango da bertan Etxepare Institutua.
Hizkuntzaren eta kulturaren alorrean Alemanian egiten den azokarik garrantzitsuena da hau, eta 25 herrialdetako 50 hizkuntzari baino gehiagori eta 130 erakusmahairi egingo diete tokia aurten.
Euskararen txokora bertaratzen direnek euskarazko hitzetan soinu atseginena duena hautatzeko aukera izango dute, entzungai dituzten 20 hitzen artean. Hitza entzun ahala, hitzik politenaren aldeko botoa egin beharko da, eta egunaren amaieran boto gehien dituena izango da fonetikoki euskarazko hitzik ederrena.
Gainera, 'stand'ean batzen den jendea euskaramundiala.net webgunera sartu eta euskaraz esaldi bat esatera gonbidatuko dute Berlinen.
Oinarrizko euskara eskolak emango dituzte, eta alemanera itzuli diren euskarazko liburuen katalogoa ere eskainiko da.