Itxi

Elkarrizketa

Harkaitz Cano: 'Carverren poesiak gutxi eskatzen du, baina asko ematen dizu trukean'

Natxo Velez | eitb.eus

Leer en Castellano

Harkaitz Canok Raymond Carver estatubatuar idazlearen poemak bildu eta euskaratu ditu Munduko Poesia Kaierak bildumako zenbaki berri batean.

Harkaitz Cano arduratu da Carverren poemak aukeratu eta euskaratzeaz

Munduko Poesia Kaierak Susa argitaletxearen bildumak atzerriko idazleen obrak gurera ekartzen jarraitzen du, zorionez. Udazken honetan, May Ayim aleman poetaren (zinez interesgarria hori ere) eta, Harkaitz Canoren aukeraketa eta itzulpena tarteko, Raymond Carver estatubatuar idazlearen (1938-1988) antologiak argitaratu dituzte.

Carver ipuingile ospetsu eta poeta zirraragarriaren aleek egunerokotasun ilun izugarria aurkezten dute lehen kolpean. Alkohola, familia gatazkak, ohikeria unagarria eta gogaikeria ageri dira nonahi, baina, tarteka-marteka, zoriona esaten diogun horren, bizitzarekiko nolabaiteko gogogabetasun baten, printza liluragarriak argitzen dira han-hor-hemen; txera samurrak, errealitate itogarri eta lehorrari oldartuta.

Canorekin hitz egin dugu, Carverren poesiaz ari garenean zertaz ari garen hobeto jakiteko.

Raymond Carver desordenatu, edale eta gaixoa deskribatzen zuen Raymond Carver Bilboko errebaletara heltzen zure ipuineko narratzaileak, eta, Carverren ipuinetan bezala, egunerokotasuna, familia liskarrak eta heriotza ziren zure kontakizun horren osagai nagusiak. Haren poesia azaltzeko ere balio dute elementu horiek?

Neurri batean bakarrik. Azken finean, Carverrek ez zuen alkohol tantarik probatu ere egin bere bizitzako azken hamar urteetan eta bolada horixe izan zuen sortzaileena. Bost urteko epean, berrehun bat poema idatzi zituen, bere bizitza osoko produkzioaren ia erdia.

Berrirakurri dudanean, une baikorrak ehizatzeko bere gaitasunak liluratu nau gehien, kontenplaziorako zuen joera burutsuak eta (auto)ironia leun, sotil eta dotore horrek.

"Une baikorrak ehizatzeko bere gaitasunak liluratu nau gehien"

Tonu ezkor, ilun eta artegatsu horretan, baina, itxaropenerako edo nolabaiteko asetasun baterako tarteak ere badaude. Nola orekatzen ditu bi mutur horiek Carverrek?

Carver saltzeko orduan, “errealismo zikina” etiketaren barruan sartu zuten. Gaur egun, ordea, erabat zaharkituta geratu da etiketa hori, errealismo guztia delako nolabait zikina, nik uste… Bestela ez litzateke errealismoa izango!

Zurruta eta aldiri amerikarretako alderik laiotzena erakusten duten poemak azpimarratzen dira gehien, baina suburbioetako argi-itzal horien artean bizitzak bere bidea egiten du eta ez da eguzki izpirik falta. Naturarekin duen harremana, horren lekuko: txoriei beha aurkitzen duen ezusteko zorion apala, adibidez, oso ongi islatzen du. Edo arrantzaren poza, etengabe dago bere poematan ura: lakuak, errekak, itsasoa… Ur-jauziraino joan eta bere burua garbitu edo erredimitzea bilatuko balu bezala.

Nagikeriaren gorazarrea agertzen da Carverren zenbait poematan. Aitzitik, testuak oso landuta daude, erabat kimatuta, naturaltasun hori lortzeko. Nola lortzen du Carverrek hizkera sintetiko, zehatz eta lehor hori?

Oscar Wildek zioen bezala, “natural agertzea da pose guztien artean zailena” eta horixe gertatzen zaio Carverri: naturala dela, baina horra iristeko depurazio lan handia egiten zuela, deskarte asko, lore-jokoak ezabatu, dena hezurretan utzi... Bere poesiak gutxi eskatzen du, baina asko ematen dizu trukean.

Bestalde, bere sekretua ezagutzen dituen gauzei buruz aritzea da. Poemak oso autobiografikoak dira, bere eguneroko bizitza, arrantza, ehiza, bikote sestrak eta familia harremanak, bidaietan hartutako apunteak, maitasun aitortza samurrak egiten ditu eta maitaleak euren izenez aipatzen…

Raymond Carver (1938-1988)

Zer zailtasun topatu dituzu testuok euskarara ekartzeko orduan?

Ingelesez oso sintetiko eta kalekoak diren hitz eta esamolde horien parekoak topatzea ez da beti erraza. Bestalde, anbiguotasun moduko bat dute poema zenbaitek, eta berak iradokitakoa apur bat gehiago esplizitatu beste erremediorik ez dut izan.

 “She said”/“He said” bezalakoak etengabe errepikatzen ditu; ingelesez primeran funtzionatzen dute monosilaboak direlako eta erritmoa eransten dietelako poemei, baina euskaraz ezin duzu ibili behin eta berriz “Esan zion” errepikatzen, silaba kopurua bikoiztea astuna suerta liteke.

Zeren arabera ordenatu dituzu liburuko poemak?

Dozena erdi poema liburu argitaratu zituen arren, esan liteke Carverren poemario guztiek liburu handi bakar eta koherente bat osatzen dutela.

Saiatu naiz nik hautatutakoen bidez ibilbide gisako bat osatzen: lehen zatian haurtzaroa edo nerabezaroa oroituz idatzitakoak leudeke batez ere eta alkoholismoaren erruz zapuzten ziren harreman sentimental gatazkatsuak aipatzen dituztenak. Apurka-apurka, ale argitsuagoak hautatzen saiatu naiz, baikorragoak, Europara egindako bidaietako printza bizizaleak… Eta azkenak, biziki hunkigarriak, gaixotasunari eta heriotzaren gertutasunari dagozkionak.

Irakurleei Carverren lana gerturatzeko, baduzu haren poema bat aukeratzerik? Zergatik?

"Medikuak esan zuena" poema ikaragarria iruditzen zait, minutu batean bizitza aldatzen dizun albiste baten aurrean gizaki batek izan dezakeen erreakzioa modu erabat sinesgarrian kontatzen duelako.

Konbentzituta nago autobiografikoa izango dela eta azala lazten dit irakurtzen dudan aldiro.

Carverren idazkerarekin zaletu denari nondik jarraitzeko aholkatuko zenioke?

John Fanteren nobela laburrak eta Lucia Berlinen ipuinak lehenik. Eta gero Alice Munro eta John Cheever bezalako idazleen ipuinak, agian... Bukowskiren poesia eta Richard Forden lanak ere kideko ditu, nolabait. Badago non bazkatu!

Albisteak (1)