Itxi

Elkarrizketa

"May Ayimek mugiarazi egin nahi gaitu, indarrak batuz injustiziari aurre egiteko"

Natxo Velez | eitb.eus

Leer en Castellano

Garazi Ugaldek euskarara eta euskal irakurleengana ekarri du May Ayim alemaniar poetaren lana, Munduko Poesia Kaierak bildumaren zenbaki berri batean.

Garazi Ugaldek paratu eta itzuli du May Ayimen poemen antologia

Garazi Ugalde itzultzaile eta idazleak May Ayim (Hanburgo, 1960 - Berlin, 1996) poetaren antologia bat paratu eta itzuli du, Susa argitaletxeak argitaratzen duen Munduko Poesia Kaierak sailerako.

Bildumako 35. zenbakira ekarritako aleek erakusten dutenez, Ayimen poetika urgenteak bortizki jotzen ditu, erritmo bizi eta atergabez, erosokeria, errazkeria eta gizartearen hitzarmen esangabe eta kosmetikoak, nola Alemaniaren batasunaren ingurukoak hala dibertsitate eta mestizajez mozorrotutako kultur asimilazioari dagozkionak. Zenbait pieza, lantzean behin poema intimistagoekin tartekatuta, irakurlea esnatzeko garrasiak dira, hanpadurarik gabeko hitzez eraikitako mezu kritiko eta irakurlearekiko gupida gabeak.

Ayimen poesia indartsua da, bat egin zuen Alemaniako eta gaur egungo Europako gizarte modernoen kronikaren ifrentzua, eta zalantzan jartzen ditu herritarrek ontzat emandako hainbat adostasun edo, hobeto esanda, gizarteak bere buruari esandako hainbat gezur (“amets bat daukat / non jendea ez den gehiago oihuka / munduratzen / eta begitazio bat / non begi baketsuekin natzan / eta burua zulo batekin”, dio “geroko garaia” poemak).

Ugalderekin hitz egin dugu, poeta zorrotz eta interesgarri honen inguruan gehiago jakin nahian.

Zeure ekimenez ekarri duzue euskarara May Ayimen lana. Zer galtzen ari ginen bere lanak irakurtzerik ez genuenean? Nola ezagutu zenuen haren obra eta zergatik piztu zitzaizun Ayimen poemak euskaratzeko harra?

Bazterretik mintzatu zen ahots baten indarra eta berezitasuna galtzen genituen. Poeta afro-alemaniar honek alemanez idatzi zuen 1980ko eta 1990eko hamarkadetan, eta Alemanian ez ezik nazioartera ere zabaldu zen ingeleserako itzulpenei esker. Gurean ezezaguna zen, segur aski, inguruko hizkuntza nagusietara —frantsesera edo gaztelaniara— ekarri gabea zelako. Badira hainbat poema itzuli han-hemen sakabanatuta, baina ez zegoen —alemana eta ingelesa kenduta— haren poesia itzulia biltzen zuen antologiarik. MPK (Munduko Poesia Kaierak) bildumaren asmoa da munduko poesia bere zabalean ekartzea, eta Ayimek hor behar zuen euskaraz, inon izatekotan.

Esther Andradi idazle argentinarraren bitartez izan nuen May Ayimen berri. Interes berezia piztu zidan haren inguruan biltzen zen guztiak: bere burua afro-alemaniartzat aldarrikatu zuen emakume bat zen, aktibista eta poeta. Haren lana eta bizitza identitatearen bilaketak eta arrazakeriaren aurkako borrokak zeharkatu zuten alderik alde, eta, gazte-gazterik hil bazen ere, arrastoa utzi zuen. Garai historiko berezi baten testigantza dakar, gainera: Berlingo harresiaren azken urteak eta ondoren etorri zen aldaketa bere larruan bizi, eta poemetan islatu zituen.

May Ayim alemaiar poeta (1960-1996). Argazkia: Orlanda argitaletxea.

Erritmo bizia dute kaierean bildutako poemek, urgenteak eta zuzenak dira. Nola lortzen du erritmo hori idazleak?

Estilo zuzena eta bizia erabiltzen du adierazi nahi duen horri indarra emateko. Batzuetan, hizkera arruntera eta ahozko jardunera jotzen du. Beste batzuetan, berriz, hitzen arteko hoskidetasuna eta errepikapena baliatzen ditu erritmo hori lortzeko.

Poemarik luzeenak, batez ere, erritmo handikoak dira; ozen irakurtzeko eginak dirudite. Ayimek maite zuen jendaurrean aritzea, bere aldarrikapenak ozen esatea. Irakurri gabe errezitatzen zuen.

Ayimek “bazterreko ahots” batez idazten du, bere esperientzietatik eta ahalduntzetik. Zerk bultzatzen du ahots hori? Nondik idazten du Ayimek edo zerk sakatzen du idaztera?

Bizipen pertsonalek eta konpromiso politikoak eragin zuzena dute idatzi zuen horretan. Emakume alemaniar baten eta Ghanako mutil baten alaba zen May Ayim (Hanburgo, 1960), baina ordezko gurasoek hezi zuten bere azalaren kolorea ezohikoa zen inguru batean. Txikitatik jasan behar izan zuen garaiko gizartean ezkutuan zegoen arrazakeria. Ahalduntze bidean, bere jatorria eta identitatea arakatu zituen, Alemaniako beltzen historia aztertu zuen, eta afro-alemaniarren mugimendua hauspotu, beste hainbat emakumerekin batera. Bilaketa eta aldarrikapen horiek plano artistikora –poesiara– ere eraman zituen.

Zapalkuntza ezkutuak modu zorrotz eta zirikatzailean azaleratzen ditu poemetan. Esate baterako, Berlingo harresia erori zenean, oso kritiko agertu zen Alemaniaren bateratze prozesuarekin. Salatu zuen Ekialdeko eta Mendebaldeko alemaniar zuriek bat egin zutela, baina bateratze horretan gutxiengo etnikoak baztertu zituztela beste behin, eta euforia horren erdian arriskuan ikusten zutela beren burua. Pentsatzekoa da Holokaustoaren ondorioak gainditzen ari zen gizarte hartan arrazakeria horrela seinalatzea hatza zaurian sartzea izango zela. Askorentzat ahots deseroso bat izango zen.

Norentzat edo noren aurka idatzi zuen Ayimek?

Bizi zen gizarteari oso lotuta idatzi zuela esango nuke. Alde batekoei eta bestekoei zuzentzen zaie. Batetik, supremazismo zuriaren aurka egiten du: arrazakeriarik sotilena ere bistaraziz, estereotipoak baztertzearen beharraz ari zaigu, eguneroko diskriminazio egoerak salatzen ditu. Bestetik, gogaideekin eta ahizpa eta neba beltzekin bat egiteko nahi bat ere agertzen du. Hor kokatzen dira, adibidez, Martin Luther Kingen omenezko poema eta Audre Lorderen heriotzan idatzitakoa. Mugiarazi egin nahi gaitu, indarrak batuz injustiziari aurre egin diezaiogun.

May Ayim. Argazkia: Orlanda argitaletxea.

Nola eramaten du paperera, nola artikulatzen du ahots hori? Zer zailtasun izan dituzu euskarara ekartzeko orduan?

Aipatu dugun hizkuntza zuzen eta bizi horren bitartez, adibidez. Poema guztiak ez dira estilo berekoak, ordea. Badira poema oso labur eta soilak, eta horietan hitz bakoitzak sekulako pisua hartzen du. Arnasa luzeagokoetan, berriz, jarioa arinagoa da. Saiatu naiz sorburuko poema bakoitzaren izaera berezi hori itzulpenean zaintzen.

Poetak hitzekin jolasten du, formaren eta esanahiaren mugetan. Hizkuntza bakoitzak hain berezko dituen ezaugarrietan oinarritutako jirabirak bereziki zailak izaten dira itzultzen. Hori izan da erronka nagusietako bat: euskaraz hitz jokoak nola eman, hoskidetasunak nola birsortu, alemanez sortzen zuten efektu berbera edo ahalik eta antzekoena lortzeko.

Ayimen idazkerak badu beste berezitasun bat ere. Hizkuntzaren arauak bihurritzen ditu, ez baitu maiuskularik eta puntuaziorik ia erabiltzen. Alemanez izen bereziez gain sustantibo arruntak ere letra larriz idazten direla kontuan hartuta, hor badago transgresiorako joera esplizitu bat. Bestalde, puntuazio faltak anbiguotasunak sortzen ditu interpretazioan, eta, aldi berean, esanahi aukerak zabaltzen. Ahalegina egin behar izan dut itzulpenean aukera posible horiei eusteko.

Zeren arabera antolatu dituzue poemak liburuan?

Irakurlea jabetuko da poemak ez datozela hurrenkera kronologiko hertsian, gehienen amaieran data agertzen baita. Antologia osatzeko, idazlearen obra poetiko osoa biltzen duen liburua izan dugu oinarri (Weitergehen, 2013, Orlanda), eta edizio horretako ordenari eutsiz eman ditugu poema hautatuak, argitaratu ziren hurrenkeran. 39 ekarri ditugu guztira, gai eta forma aldetik askotarikoak, obra osoaren erakusgarri izan zitezen.

Irakurleei Ayimen lana gerturatzeko, baduzu haren poema bat aukeratzerik? Zergatik?

“Zuri-beltzeko bluesa” izeneko poema aukeratuko nuke, ondo erakusten duelako orain arte aipatu dugun guztia. Ayimen ahotsa unibertsala bezain partikularra da: pertsonaletik abiatzen da, baina garai baten kontakizuna dakar, eta mundu mailako mugimendu zabalago baten katebegi ere bada.

Albisteak (1)