Sari banaketa, asteazkenean
Euskadi Literatura sariko dirua eman egingo diote Sarrionandiari
Erredakzioa
Dagoeneko ez dago zabalik idazlearen aurkako kausarik, eta, hortaz, 18.000 euroko diru-saria jasoko du. Urrian egindako adierazpenak jendaurrean zuzentzea eskatu dio familiak Jaurlaritzari.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Joseba Sarrionandia idazleak ez du zorrik justiziarekin. Auzitegi Nazionalak baieztatu duenez, ez dago idazlearen aurkako kausarik zabalik, eta, beraz, Euskadi Literatura sariko dirua eman egingo diote Sarrionandiari. Asteazken honetan banatuko ditu sariok Blanca Urgell Kultura sailburuak.
Urrian, Euskadi Literatura saria irabazi zuen Sarrionandiak, euskarazko saiakera atalean. Orduan, 18.000 euroko diru-saria ez ematea erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak, justiziarekin zorrik duen ala ez jakin arte.
Horretarako, txostena eskatu zion Estatuko Fiskaltzari, eta, Auzitegi Nazionalak Fiskaltzari igorri dizkion datuen arabera, Sarrionandiak ez du zorrik justiziarekin. Fiskaltzaren arabera, Sarrionaindiak zazpi auzi izan zituen 1980 eta 1985 urteen artean, kartzelatik ihes egin zuen arte. Auzi horietatik hiru artxibatu egin zituzten, beste hirurengatik zigortu egin zuten, eta beste batengatik absolbitu egin zuten. Hala ere, auzi guztiek preskribatu egin dute.
Sarrionandia (euskal idazle emankorrenetariko bat) alde eginda dago, 1985eko uztailean Iñaki Pikabearekin batera Martuteneko kartzelatik ihes egin zuenetik; Imanol abeslariaren kontzertu baten ostean egin zuten ihes, bozgorailuen barruan ezkutatuta.
Adierazpenak jendaurrean zuzentzea eskatu dio familiak Jaurlaritzari
Sarrionandiaren egoera argituta, familiak eskaera bikoitza egin dio Jaularitzari: urriko adierazpenak jendaurrean zuzentzea, eta idazleari gainerako saridunen baldintza berberetan ematea saria.