Itzulpena
Dolores Redondoren lehen eleberria euskarara ekarri dute
N. V. | EITB Media
Erein argitaletxeak “Aingeruaren pribilegioak” nobela argitaratu du, Danele Sarriugartek euskaratuta.
70eko hamarkadan, zoritxarrak Pakutxa eta Celeste neskatoak banatuko ditu Pasaiako badian, kai, hezetasun, estiba kaxa, gatz meta eta izotz lantegietako amoniako kirats artean. Hori da “Aingeruaren pribilegioak” Dolores Redondo idazlearen lehen eleberriaren abiapuntua.
“Milaka kontu aipatu dizkizuet nire eleberrietan, eta beste milioika geratzen zaizkit oraindik aipatzeko; halere, heriotzarekin baketu behar izan nuen beste ezerekin baino lehen, eta horixe egin nuen eleberri honetan, idatzi nuen estreinakoan”, azaldu du Dolores Redondok eleberriari buruz.
Aingeruaren pribilegioak doluari buruzko eleberri bat da, Redondoren hitzetan, “galera konponezin baten ostean bizi izaten den prozesuari buruzkoa”. “Bost urte nituela, nik neuk bizi izan nuen prozesu hori. Heriotzaz jabetzeak eta haurrak ere hiltzen zirela ikasteak herioren itzal gupidagabea proiektatu zuen ezagutzen nuen munduaren gainean, gertakari ñimiñoenean ere islatuz bere presentzia eta haren saihestezina”.
Dolores Redondo idazle ospetsua Donostian jaio zen, 1969an, eta Zintruenigon bizi da. 2013an argitaratu zuen Baztango trilogiaren lehen liburua, Zaindari ikusezina, eta ikaragarrizko arrakasta izan zuen. 2016an, Planeta saria eman zioten Hori guztia emango dizut (Erein, 2017) liburuagatik.