Itxi

8-12 urtekoentzat

Lau argitalpen berri, Elkarren Xaguxar bilduman

Erredakzioa

'Irribarrea zabaltzeko ipuinak', 'Zabaleko txorimaloa', 'Nire aita ikusezina da' eta 'Motozerra' liburuak aurkeztu berri dituzte.

Elkarrek lau argitalpen berri aurkeztu ditu Xaguxar bilduman. Argazkia: Elkar

Elkar argitaletxeko Xaguxar bildumak 20 urte beteko ditu. Irakurketa dibertigarriagoa egiteko, berrituta dator bilduma eta lau argitalpen kaleratu ditu: 'Irribarrea zabaltzeko ipuinak', 'Zabaleko txorimaloa', 'Nire aita ikusezina da' eta 'Motozerra'. 8 eta 12 urte bitarteko haurrentzako literatura lanak dira.

Umorea eta kritika soziala uztartzen dituen ipuin bilduma da 'Irribarrea zabaltzeko ipuinak'. Juan Kruz Igerabidek idatzi ditu testuak, eta Jokin Mitxelena ilustratzailearenak dira irudiak.

Bederatzi urteko Iker eta Maider neska-mutilak dira 'Zabaleko txorimaloa' liburuko protagonistak. Sentiberatasunez beteriko istorioa da, eguneroko bizitzari emozio ukitu bat eransten diona. ''Iker mutiko lotsati eta bakarti bat da. Amak lan egin behar duela-eta, egunero berak bakarrik joan behar du etxetik eskolara. Bidean dago Zabale baserria, eta bertan txorimalo bat. Haren ondoan esertzeko ohitura hartuko du Ikerrek, eta hari kontatzeko bere kezka, beldur eta buru-hausteak. Eskolan, berriz, jende berria dabil, tartean Maider''. Juan Luis Zabala da testuaren egilea, eta Maite Gurrutxagarenak dira irudiak.

Ukitu zinematografikoak dituen umore istorioa da 'Nire aita ikusezina da'. Julen Gabiriak sinatzen du testua, eta Patxi Gallegok sortu ditu irudiak. Zinema-zaletasuna, neskamutilen arteko harremanak eta gizarteak aita-amen zereginak nola ikusten dituen jorratzen dituen istorioa sortu dute: ''Elenek hamaika urte ditu, biolina jotzen duen nobio makarra bat, eta neba jaioberri bat: Xabat. Parkera edo kalera ateratzen direnean, jende guztiak egiten dio kasu niniari, amari, Eleneri… baina inork ez du aita ikusten: ikusezina bihurtu ote da?''.

Beldurrezko istorioa ere kaleratu berri du Elkarrek. Xabier Mendigurenen lana da 'Motozerra', eta Aitziber Akerretak egin ditu irudiak, zuri-beltzean.