Itxi

''Hitzak zaindari''

Zaintzari buruzko literatur aipuak bildu dituzte liburu batean eta erakusketa batean

N. V. | EITB Media

"Hitzak zaindari" proiektua martxan jarri dute EIZIEk, Euskal Editoreen Elkarteak, Euskal Idazleen Elkarteak eta Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura Elkarteak Gipuzkoan.

"Hitzak zaindari" erakusketa, Kutxa Kultur Terrazan, Donostian

"Hitzak Zaindari, Literaturaren hitzak zaindari" kanpaina jarri dute martxan EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak, Euskal Editoreen Elkarteak, Euskal Idazleen Elkarteak eta Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura Elkarteak, Kutxa Fundazioaren laguntzarekin.

Gipuzkoan egingo da, zaintza-ren inguruan, eta  kontzeptu horren hainbat ertz erakusten dituzten literatur testuen hogei txatal bildu dituzte horretarako euskal literaturako bost adituk: Alex Gurrutxaga, Itziar Zubizarreta, Lurdes Otaegi, Uxue Alberdi eta Xabier Olarra.

Egitasmoak hiru ekimen izango ditu: erakusketa ibiltari bat (Tabakalerako Kutxa Kultur Terrazan hasteko, irailaren 2ra arte), doan banatuko den liburuxka bat eta emanaldi bat, irailaren 2an, Nerea Loiola eta Imanol Epelderen eskutik.

Denetariko testuak ageri dira aukeraketan: Jose Mendiage, Mari Luz Esteban, Mario Benedetti, Simone de Beauvoir, Miren Amuriza, Miren Agur Meabe, Eduardo Galeano, Leire Bilbao, Ruper Ordorika…

"Zaindu maite duzun hori" Ordorikaren kantuaren hitzak batu dituzte antologiara

Gainera, herritarrek ere parte har dezakete, aipu bat bidali edo berena proposatuta.

Hitzaurrean esaten denez, "bizitzak zaintza dakar, eta zaintzak bizitza. Bizi denak zaindu egiten du. Zaintzen duenak bizitza berritzen du".