Itxi

Saison Quebec-Pays Basque

Euskal Herriaren eta Quebecen arteko joan-etorria, literaturaren eskutik

N. V. | EITB Media

Leer en Castellano

Etxepare Euskal Institutuak Qubeceko kulturarekiko harreman zikloaren bigarren atala aurkeztu du gaur. Lehena zinemari eskaini zioten, eta oraingoan literaturaren txanda da.

Saison Quebec-Pays Basque ekimenaren bigarren zatiak literaturari helduko dio

Etxepare Euskal Institutuak Saison Québec-Pays Basque programaren bigarren zatiaren aurkeztu du gaur Donostian, Tabakaleran. Han azaldu dutenez, joan-etorriko programa horren helburua da euskal kultura eta sorkuntza garaikideari Quebecen leiho bat irekitzea, eta, era berean, Quebeceko sortzaileen lana gurean erakustea, hizkuntza, kultura eta artearen bidez bi herrialdeen arteko harremana estutzea.

Ekitaldi sorta horren barruan, esaterako, euskal literaturari eskainitako gaua antolatu dute Quebeceko Zibilizazioaren Museoan, 'Quebec en toutes lettres' urriaren 14tik 24ra egiten den jaialdiaren baitan. Urriaren 16an izango da, 19:00etan, 'Soirée découverte Accent basque' izenburupean.

Batetik, euskal literaturari buruzko mahai ingurua egingo da Itxaro Borda eta Kirmen Uribe idazleen eta Irene Larraza, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariaren parte hartzearekin, eta, bestetik, 'Chejov vs. Shakespeare' egitasmoaren edizio berria aurkeztuko da.

 Aurelia Arkotxa euskal idazlea eta Jean Désy idazle quebectarra izan dira protagonistak. Urtebetez mantendu duten korrespondentzian, akulturazioa, kolonialismoa eta kultur aniztasuna izan dituzte mintzagai, baita pandemia ere. Gutun truke horren emaitza liburu bihurtu eta jaialdian aurkeztuko da, Jean Désy eta Aurelia Arkotxaren eskutik.

Halaber, 'Quebec en toutes lettres' jaialdian bertan, Itxaro Bordak 'Poesiaren gaua' ekitaldian hartuko du parte, literaturako hainbat ahots ezagun eta hasiberrirekin batera.

Itzultzaile Berriak

Gainera, Itzultzaile Berriak proiektuaren berri ere eman dute Tabakaleran. Nazioarteko literatura itzultzaileak euskaraz trebatzea eta nazioarteko literatura itzultzaileen eta bertakoen arteko zubiak eraikitzea da egitasmoaren xedea.

Yannick Bédard eta Michel Usereau itzultzaile quebectarrak hurrengo laginen itzulpenak ari dira egiten, esaterako,  Aiora Jaka EIZIEko kidearen gidaritzapean: Garazi Arrularen 'Abian' eta 'Ederra eta piztia'; Uxue Alberdiren 'Oreina' eta 'Ezertan lagun diezazuket?'; eta Harkaitz Canoren 'Arrokarik altuena' eta 'Safaria'.

Abendurako laginak amaitutzat eman ondoren, Bilboko Gutun Zuria jaialdian aurkeztuko dute hilabetetako lanaren emaitza.

Albisteak (1)