Sariketa
Euskadi sariak, Txani Rodriguez, Alex Gurrutxaga, Mikel Reparaz eta Javier de Isusirentzat
N. V. | EITB Media
Euskadi Literatura sariak iragarri dituzte modalitate hauetan: Literatura Gaztelaniaz, Saiakera Euskaraz, Saiakera Gaztelaniaz eta Lan Literarioen Ilustrazioa. Pello Lizarralde, Anjel Lertxundi eta Joxan Elosegiri batzen zaizkio.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Euskadi Literatura sarien lau modalitatetako irabazleak iragarri ditu Azkuna Zentroan, Bilbon. Txani Rodriguez ("Los últimos románticos"), Alex Gurrutxaga ("Xabier Lete, aberriaren poeta kantaria"), Mikel Reparaz ("Las grietas de América") eta Javier de Isusi ("Transparentes. Historias del Exilio Colombiano") dira, Literatura Gaztelaniaz, Saiakera Euskaraz, Saiakera Gaztelaniaz eta Lan Literarioen Ilustrazioa ataletan.
Izen horiek joan den astean iragarritako irabazleen zerrendari batzen zaizkio: Pello Lizarralde ("Argiantza"), Anjel Lertxundi ("Haltzaren Mintzoa") eta Joxan Elosegi ("Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak") Literatura Euskaraz, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura eta Euskarazko Literatura Itzulpena modalitateetako irabazleei.
Epaimahaiaren iritziz, Txani Rodriguez "Pompas de papel" Radio Euskadiko saioko kolaboratzailearen idazkera "zorrotza da, xehetasunari adi dago eta erritmo narratibo bikaina du. Ahots freskoa du, originala eta berezkoa, eta horixe da epaimahaiaren arreta gehien erakarri duen ezaugarria".
Alex Gurrutxagaren "Xabier Lete, aberriaren poeta kantaria"k "ekarpen handia egiten du Xabier Lete poetaren eta bere obraren inguruan", epaimahaiaren ebazpenak jasotzen duenez, eta "gure poeta handienetako bat ezagutzeko aukera ematen du, bere ideiak publiko egiten ditu, eta gainera bere kantagintza eta kontzertuak lotzen ditu garai horretako giro eta pentsamenduarekin".
IRAKURRI ALEX GURRUTXAGARI "ABERRIAREN POETA KANTARIA" LIBURUARI BURUZ EGINIKO ELKARRIZKETA
Alex Gurrutxaga: "Xabier Lete da aberriaren kantari nagusia"
Gaztelaniazko Saiakeraren ataleko epaimahaiaren ustez, Mikel Reparaz EITBko Nazioarteko arloburuak liburuan Ameriketako Estatu Batuetatik proposatzen duen bidaia "bikain" idatzita dago, eta "gaiaren interesa eta gaurkotasuna nabarmentzen dira, bai eta tratamenduaren koherentzia ere".
Javier de Isusiren "Transparentes. Historias del Exilio Colombiano" lana "pisu emozionaleko komikia da, baina, aldi berean, liburu arin eta biribila egituran, oso teknika narratibo eta grafiko onarekin, eta istorioa modu bikainean ixtea lortzen du", epaimahaiaren ebazpenak dioenez.
Saridun bakoitzak 18.000 euroko saria izango du, eta beste 4.000 euro eskura ditzake bere lana beste hizkuntza batean argitaratzen bada. Azaroaren 18an banatuko dituzte Euskadi sariak, Gasteizen.