Literatura
Kirmen Uribek eta Itziar Ugarte Irizarrek Espainiako kritikarien sariak eskuratu dituzte
agentziak | eitb media
"Izurdeen aurreko bizitza" eleberriagatik jaso du aitortza lehenengoak; eta "Gu gabe ere" poesia liburuagatik, bigarrenak.
Espainiako Literatur Kritikarien Elkarteak (AECL) Kirmen Uribe eta Itziar Ugarte Irizar saritu ditu euskarazko atalean Izurdeen aurreko bizitza eta Gu gabe ere liburuengatik, hurrenez hurren.
Kirmen Uribek saria jasotzen duen laugarren aldia da, 2002an Bitartean, heldu eskutik-ekin, 2009an Bilbao-New York-Bilbao-rekin eta 2016an Elkarrekin esnatzeko ordua-rekin lortu eta gero.
Aurreko urtean Espainiako Estatuan argitaratu diren literatur lan onenak saritzen ditu elkarteak, eta aurtengoan Jordi Ibañez eta Maria Angeles Perez Lopezentzat izan da loria, Infierno Purgatorio Paraiso eta Incendio mineral obrengatik. Aurten, gainera, lehenengo aldiz, atzerriko literatur lan onenari ere eman diote golardoa, eta Maggie O'Farrell irlandarrari egokitu zaio Hamnet-engatik.
Fernando Valls Espainiako Literatur Kritikarien Elkarteko presidenteak azpimarratu du 70 urtetik gorako tradizioa dutela sariek, eta Estatuko lau hizkuntza ofizialak saritzen dituen bakarra dela.