Itxi

Elkarrizketa

"Umore onez, gogotsu eta pazientzia pixka batekin ekin behar zaio 'Ulises'en irakurketari"

Natxo Velez | EITB Media

Leer en Castellano

Xabier Olarra itzultzaileak "Ulises" James Joyce irlandar idazlearen eleberri ospetsuaren euskarazko itzulpenaren bigarren edizioa aurkeztu du, Igelak argitaratutakoa.

Xabier Olarra itzultzaileak "Ulises"en euskarazko itzulpenaren bigarren edizioa aurkeztu du

Joan den otsailaren 2an, 100 urte bete ziren Sylvia Beach Shakespeare & Co Parisko liburu dendako saltzaile eta editoreak Ulises James Joyce irlandar idazlearen eleberria argitaratu zuenetik. Mende bat geroago, ingelesez inoiz idatzitako nobelarik garrantzitsuenaz eta literatura unibertsalean itzal handiena utzi duen lanetako batez, klasiko batez, ari garela esan dezakegu.

Joyceren maisulanaren garrantziaren erakusgarri, hitz handien zale diren hainbat adituren ustez, eleberria Cervantesekin jaio eta Ulises-ekin hil zen. Gehitu genezake, zorionez, hilondo oparoa izan duela, halere, eleberrigintzak, ale interesgarriak utzi baititu haren hilotzak gero etorri garenontzat. 

Nolanahi den, 1922 baino dezente geroago, 2015ean, izan genuen Ulises aurrenekoz euskaraz irakurtzeko aukera, Xabier Olarra (Tolosa, 1953) itzultzaile nekagaitzak egindako lan eskergari esker. Joyce ez ezik, euskaraz Truman Capote, Francis Scott Fitzgerald, Jack London, William Faulkner, Agatha Christie, Tolkien, Raymond Chandler eta beste asko irakur ditzakegu Olarraren ekin ordainezinari eskerrak.

Orain, 2016an Euskadi Literatura saria jaso zuen itzulpen hori orraztu eta ohar gehiagoz hornitu du Olarrak berak, literatura betiko aldatu zuen eleberri konplexu honetan barneratzeko adorea bildu duen irakurlearen lagungarri.

Xabier Olarrarekin hitz egin dugu, gehiago jakiteko Igela argitaletxeak kaleratutako bigarren edizio halabeharrez behin-behineko honi buruz ("Ulises en itzulpenak beti izango dira behin-behinekoak", diosku Olarrak), Eduardo Lago espainiar idazle eta literatura kritikariaren hitzetan "irakurleak zahartuagatik beti gazte dirauen liburuari buruz".

Bloomsday egunez, ekainaren 16an, argitaratu dugu, gainera, elkarrizketa Ulises eleberriak kontagai duen egunean, zeina grinatsu ospatzen baita nagusiki Dublinen, baina baita munduko beste hainbat hiritan ere, Leopold Bloom protagonistak egindakoak berritzen. Aurten, Iruñean ere ospatuko da Bloomsday eguna.

Erronka gaitza da Ulises irakurtzea, batzuentzat handiegia. Zer aldarterekin egin behar dio aurre liburuari irakurleak zure ustez? Zer gomendio emango zenizkioke liburua irakurtzear denari edo nori esango zenioke ez irakurtzeko?

Umore onez, gogotsu eta pazientzia pixka batekin ekin behar zaio irakurketari. Umore onez, fartsa zoragarri bat delako; gogotsu, luze samarra delako; eta pazientziaz, tarteka irakurlea galduta ibil daitekeelako. Nork ez duen irakurri behar? Gaur egungo liburuen irakurketarekin kili-kolo edo justu-justu dabilenak.

Noiz irakurri zenuen Ulises lehenengo aldiz?

Hogei urterekin hasi nintzen lehenbizikoz literaturzale orok irakurri "beharrekoa" zelako. Hasierako kapituluak eta bukaerakoa, Molly Bloomen monologoa, besterik ez nuen irakurri.

Orduan, 1970 inguruan, gaztelaniaz eskura zegoen edizio bakarrarekin saiatu nintzen: José Salas Subirat argentinarrarenarekin. Handik hogei urtera, José María Valverderenarekin beste saio bat egin ondoren, jatorrizkoa irakurri nuen, osorik, Aste Santu batez, Jeri Johnsonek prestatutako edizio ohardunari esker.

Azpimarratu beharra dut Ulises oharrik gabe irakur daitekeela, baina erdia baino gutxiago ulertuta, eta hori pena da. Orain, euskarazko edizioari esker, irakurleak arazo hori konpondua du: 2.000 ohar inguru ditu Igelaren edizioak.

Noiz otu zitzaizun eleberria euskarara ekartzea eta zergatik? Nolakoa izan da ordutik itzulpenaren bigarren edizio honetarako bidea?

Literaturzale laukote bat bildu ginen afari batean eta aipatu genuen kontua 2000. urtearen inguruan. Izan ere, Joyceren beste bi lanik garrantzitsuenak –Artistaren gaztetako portreta eta Dublindarrak— euskaratuak ziren, baina Joyceren lanik garrantzitsuena Ulises da, eta huts hori bete beharra zegoela iruditzen zitzaigun.

Baina handik 10 urtera arte, ez nintzen hasi pentsatzen lan eskerga horri inork heltzen ez bazion neronek egin beharko nuela.

Zer berrikuntza daude bertsio berri honetan, 2016ko Euskadi Literatura Saria eman zizun itzulpenarekin alderatuta?

Honela dio Ulisesen mendeurreneko edizioak: "Klasikoen itzulpenak berrargitaratzeko arrazoien artean, beti aipatu izan da zaharkituak gelditzen direla, eta hori izaten da itzulpen berriak egiteko arrazoi nagusia. Gure kasuan, euskara batuaren normalizazioan egindako urratsak ere aipatu izan ditugu klasikoen itzulpenak berritzeko arrazoien artean. Baina ez dira horiek Ulises berritzeko arrazoi nagusiak, beste hau baizik: Ulisesen itzulpenak beti izango direla behin-behinekoak. Baita oraingo hau ere".

Berrikuntzen aldetik, aipatu behar dut zorte handia izan dela niretzat bi laguntzaile fin eta eskuzabal aurkitu izana: David Stukins eta Iñaki Ibañez. Batak ingelesezko jatorrizkoarekin alderatu du nire 2015eko bertsioa eta besteak euskarazko emaitzari erreparatu dio. Ehunka iradokizun eta zuzenketa-proposamen egin dizkidate; oraingo testu hau aurrekoa baino franko hobea bada, bi adiskide horien lan eskergari esker da, besteak beste.

Horrez gain, esango nuke oharren atala hobetoxeago antolatuta dagoela eta horrek ere irakurketan laguntzen duela pixka bat.

Ulisesen zein edizio erabili dituzu itzulpenak egiteko?

Funtsean, Oxford University Pressek argitaratutako Jeri Johnsonen edizio kritiko oharduna. Horrez gain, pasarte jakin batzuetan, Hans Walter Gablerrek 1984an argitaratutako Ulysses. The corrected text erabili dut, gaztelaniazko, frantsesezko eta italierazko itzulpen berri gehienek egin duten bezala.

Hizkuntzaren aldetik, zein korapilo nagusi aurkitu dituzu jatorrizkoarekiko ahalik eta fidelen izateko orduan?

Ulisesek korapilo asko ditu, eta horietako batzuk aipatzearren esango nuke Joycek estilo-ariketa (edo agian hobeto esanda) estilo-erakusketa nabarmena egin zuela Ulisesen. Hor aurkituko ditugu, beraz, Dublingo jende arruntaren hizkera, unibertsitateko ikasleena, literaturzale pedanteena, egunkari bateko erredaktore eta kolaboratzaileena, marinelena edo abertzale porrokatuena. Horrez gain,  14. episodioan, prosa ingelesa sortu zenetik XX. mendera bitarte izandako bilakaeraren ibilbidean sortutako testuen pastiche bat dago. Eta hori guztia euskarara ekartzea ez da erraza.

Horrez gain, aipatzekoa da hitz-joko dezente dagoela Ulisesen, eta denok dakigu hitz-jokoak eta horietan oinarritutako txisteak itzulezinak direla. Itzultzaileok malabarismoak egin behar izaten ditugu arazo hori konpontzeko, baina, batzuetan, konponezinak izaten dira. Hori ere jakin beharra dago.

Esango nuke publikoak, oro har, ez dituela oso begi onez ikusten zailtasuna, sakontasuna eta konplexutasuna; aitzitik, entretenimendua sublimatu da, ihesbidea. Zer ematen dio Ulisesek irakurleari beste lan batek emango ez dionik? Zer sari ematen du irakurtzeko zailtasun horrek?

Ulises obra konplexua da, dudarik gabe. Baina, ulergarriago egiteko, oharren atalean, episodio bakoitzaren hasieran, bada sarrera bat atal horri buruzko azalpen orokor bat ematen duena, eta irakurleak hor aurkituko du bidean ez galtzeko argitasuna.

Horrez gain, eranskinetan badira bi eskema famatu, Stuart Gilbert eta Carlo Linatirenak, irakurleak episodio bakoitzean zer aurkituko duen argitzen dutenak.

Irakurlearen sari nagusia da XX. mendeko artelan nagusietako bat barrendik nola egina dagoen ulertzea eta sakoneko mezuaz (edo mezuez) jabetzea. Hori besterik ez da, eta ez da gutxi.

Idazlea eta obra banandu behar badira ere, zein neurritan arakatu behar da idazlearen bizitzan, biografian, horrelako itzulpen bati ekiteko orduan?

Beti izaten da lagungarri idazlearen bizitzaren berri izatea. Kasu honetan ere, badira paralelismoak Joyceren bizitzaren eta Ulisesen kontatzen denaren artean. Hori interesgarria da dokumentazio-lan gisa, eta hasieran lagundu lezake. Baina, itzultzerakoan, hori baino tresna gehiago eta hobeak behar dira.

Ekainaren 16an, Iruñean ere ospatuko da Bloomsday aurten. Zein da egun horretarako proposamena?

Oso proposamen xume eta lagunartekoa da aurtengoa. Ulises liburuko pertsonaiez mozorroturik, taberna batzuetan barrena ibilbidea egin bitartean, Ulisesen pasarte batzuk irakurriko dira, baita garagardoa edan ere, Guinness, ahal dela.

Gainera, aurten nahitaezkoa izango da dezente edatea, 40 ºC-ko tenperaturak baitaude iragarrita ostegunerako. Nork daki? Dublinen ere horrela hasi ziren 1957an, lagunarteko ekitaldi gisa, eta milaka lagunentzako festa bilakatu da.

Iruñean, sanferminetarako berotze-ariketa gisa balio lezake agian.