Itxi

12. edizioa

Mikel Hernandez Abaituarekin, hasiera Literaktum jaialdiari

Literaturaren inguruan pentsaera kritikoa, hausnarketa eta eztabaida sustatzea ditu helburu eta nazioarteko nahiz bertako hainbat sortzaile, hau da, idazle, musikari eta aktore bilduko da.

Mikel Hernandez Abaitua. Argazkia: Sautrela

Gaur hasiko da Donostian Literaktum jaialdiaren 12. edizioa. Literaturaren inguruan pentsaera kritikoa, hausnarketa eta eztabaida sustatzea ditu helburu eta nazioarteko nahiz bertako hainbat sortzaile, hau da, idazle, musikari eta aktore bilduko da hainbat eszenatokitan maiatzaren 31ra bitartean. Mikel Hernandez Abaitua izango da protagonista gaurkoan.

Proposamen eszenikoak edota musikak bere lekua izango badute ere, literatura bera da protagonista nagusia jaialdi honetan. Aurten Euskal Idazleen Elkartearekin batera antolatu dute gaur arratsaldeko 17:00etan Lugaritz Kultur Etxean abian jarriko den egitaraua.

Literaktumen aurtengo edizioaren protagonista nagusia literatura izango da. Jaialdian zehar, idazleek elkar hartu eta hitzen munduaz gozatzeko aukera emango dute.

Eduardo Galeano, Carlos Yushimito, Menna Elfyn eta Xuan Bello kanpoko idazleez gain, Ramon Saizarbitoria, Kirmen Uribe, Mikel Hernandez Abaitua, Pako Aristi, Hedoi Etxarte, Txani Rodriguez eta Iban Zaldua idazleak arituko dira, eta horiekin batera, baita honako hauek ere: Martirio abeslaria, Jabier Muguruza musikaria, Patxi Santamaria aktorea, Nekane Igarza piano-jotzailea, PLV Havoc kantautorea eta The Bright musika taldea.

San Telmo Museoan eta Deustuko Unibertsitatean ez ezik, Casares-Tomasene, Ernest Lluch, Loiola, Lugaritz eta Okendo kultur etxeetan ere izango dira ikusgai programa horren baitan jasotako ekimenak.

Egitaraua edota jaialdiari buruzko informazio gehiago eskuratzeko, kontsultatu programazioa.