Itxi

Xabier Lete

Xabier Leteren olerkiak eta abestiak lan bakar batean argitaratu dituzte bost argitaletxek

EITB MEDIA

Leer en Castellano

"Euskal kulturako funtsezko izenetako baten ondarea babestea" helburu, Alberdaniak, Elkarrek, Ereinek, Pamielak eta Txalapartak, "Poema eta abesti guztiak" izenburupean, Leteren poemak eta abestien hitzak jaso dituzte.

Lana ostegunean aurkeztu dute. EITB Mediaren bideo batetik hartutako argazkia.

Xabier Leteren olerkiak eta abestien hitzak hiru liburukiko lan bakar batean jaso dituzte, bat eginda, Alberdania, Elkar, Erein, Pamiela eta Txalaparta argitaletxeek, "euskal kulturako funtsezko izenetako baten ondarea babestea" helburu.

Guztira, ia 1.000 orrialde dira, hiru liburutan, "Poema eta abesti guztiak" izenburupean. Lana kaxa batean jarri dute salgai, argitalpen oso zainduan, Gipuzkoako Foru Aldundiak lagunduta. Ostegunean aurkeztu dute, prentsaurrekoan, foru jauregian, Markel Olano ahaldun Nagusia eta Maria Jose Telleria Kulturako ahalduna bertan egonda.

Alex Gurrutxaga eta Lourdes Otaegi irakasle eta Leteren gainean adituek gauzatu dute lana. 2016tik Aldundiaren ardurapean dagoen Xabier Lete Fondoa izan dute eskura; Fondoak, besteak beste, 2010eko abenduaren 4an hil zen olerkari eta kantautorearen eskuizkribu eta paper pribatu asko ditu.

"Leteren lana hiru aletan egokitu dugu, hitzaurrea eta oharrak erantsita. Horrek esan nahi du Leteren testuei oharrak eta azalpenak gehitu dizkiegula; hala, ahal den heinean, testuingurua eta asmoa hobeto ulertuko da", azaldu dute argitalpenaren arduradunek, foru erakundeak adierazi duenez.

Hiru liburuki

Lehenengo liburukian, Letek argitaratutako lehen hiru liburuak daude jasota; 1968tik 1981ra bitartean argitaratu zituen, eta bik sariren bat jaso zuten. Bigarren liburukian, azken hiru liburuak jaso dituzte; 1990tik 2008ra bitartean argitaratu zituen Letek, eta horiek ere zenbait golardo lortu zituzten, tartean Euskadi Saria, "Egunsentiaren esku izoztuak" liburuarentzat. Eta azken liburukiak nobedaderik gehien aurkezten ditu; izan ere, "agertu diren abesti eta olerki solteez gain", argitaragabeko olerkietako bi multzo ere baditu, bai eta beste abesti eta itzulpen asko ere.

Gurrutxagaren eta Otaegiren iritziz, Leteren lana atsegin dutenei azken liburu hori gustatuko zaie: "Orain arte topatu gabe zeuden testuak ikusiko dituzte, eta baieztatuko dute espero gabeko gaien gainean kantatu zuela", azaldu dute.

Irakasleek beharrezkotzat jo dute azaltzea, oharretan, azken 50 urteotan izandako hizkuntza aldaketak eta aldaketa soziopolitikoak; horrez gain, Leteren hautu semantiko eta estetiko batzuk azpimarratu egin dituzte. Hori bai, ez dute olerkietako zirriborrorik argitaratu, nahiz eta argitaragabeak izan; soilik "inprimatzeko eskuragarri" zeuden testuak txertatu dituzte.

"Leteren Fondoan, adibidez, olerki multzo bat dago, azala eta guzti, 'Arrastoa eta itzala' izenburupean, 1968koa. Prest zegoen, eta Juan San Martinek adierazi zuen Letek liburu hori argitaratuko zuela, baina, azkenean, ez zuen egin. Hemen, berreskuratu egin dugu", nabarmendu dute.

"Itsaso eragotziaren kanta gogoetatsuak" izenburupean elkartutako olerkia ere irakurleen gustukoak izango direlakoan daude Gurrutxaga eta Otaegi. 1976koak dira olerki horiek, eta, "itsasoaren metaforaren bidez, garai hartako interes kulturalen, soziopolitikoen eta ekologikoen gaineko kezka islatzen dituzte".