Literatura
Gabriel Aresti 1953an hasi zen idazten, uste baino urte eta erdi lehenago
Mikel Dominguez | EITB Media
Jon Kortazarrek idazle bilbotarraren lehen bi sonetoak argitaratu ditu Sancho el Sabio aldizkarian. Orain arte argitaratu gabe zeuden. Erlijio liburu batean aurkitu ditu, gaztelaniaz idatzita.
Gabriel Aresti idazlearen lehen lanak 1953koak dira, hau da, orain arte uste zena baino urte eta erdi lehenagokoak, Jon Kortazarrek Sancho el Sabio aldizkarian argitaratutako bi sonetoek erakusten dutenez.
Erlijio liburu batean aurkitutako bi poema dira, Gabriel María A. S.-k 1953ko otsailaren 16an sinatuak. Kortazarrek azaldu duenez, ikasketa garaian egindako sonetoak dira, baina bere "literaturaren kontzeptuaren barnean" kokatuta.
Orain arte, Arestiren ibilbidearen hasiera 1954an kokatzen zen, baina aurkikuntzak urte eta erdi eraman du atzera.
Kortazarren arabera, sonetoek balio historikoa dute, baina baita estetikoa ere. "Batetik, bere irakurketen berri eman digute, Shakespearen sonetoak aurrean, metrikaren erabilerak salatzen duenez; beste alde batetik, bere esperimentazio gogoa hasiera-hasieratik erakutsi zigun Gabriel Arestik, sonetoen metrikarekin jolastuz, ahapaldiekin esperimentatuz", azaltzen du Kortazarrek.
Maitalearen ukazioari eta errefusari buruz hitz egiten du bilbotarrak poemetan. Maitale hori "entelekia gisa" agertzen da, "irudi literario moduan".
Hizkuntzari dagokionez, sonetoek erakusten dute poeta "hiztegi berezi eta arraroan interesaturik" zegoela, "gaztelera oso jasoa" erabilita.
Ikerlariak azpimarratu du sonetoek, azken finean, "literaturan hasi berria zen idazle izan nahi zuen poetaren berri" ematen dutela.