Heriotza
Txomin Peillen idazle eta euskaltzaina hil da, 90 urte zituela
EUSKADI IRRATIA | EITB MEDIA
Ibilbide luzeko literatura-gizonak 45 argitalpen baino gehiago idatzi zituen, tartean, saiakerak, eleberriak eta ipuinak. Entzun hemen idazlearen biografia.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Txomin Peillen Karrikaburu (Paris, 1932) idazle eta euskaltzaina hil da, 90 urte zituela. 45 argitalpen baino gehiago idatzi zituen, tartean, saiakerak, eleberriak eta ipuinak.
"Gauaz ibiltzen dana" eleberria izan zen lehenbizi argitaratu zuen lana, eta intzestua eta pedofilia gai nagusitzat zituen "Minotauro" (2021) izan zen bere azken eleberria, Alberdania argitaletxearen eskutik.
1962an Igela euskal aldizkari heterodoxoa sortu zuen Jon Miranderekin batera. Zaitegi, Ibigañabeitia, Mitxelena eta Arestiren gertuko, belaunaldi eta euskal herri desberdinen arteko zubi lana egin zuen Txomin Peillenik. Mirande eta Arestirekin batera, euskal literatura modernoaren aitatasuna ere aitortu zaio.
Entzun hemen Peillen idazlearen biografia.
Txomin Pelillen 1932ko azaroaren 17an sortu zen Parisen. Guraso zuberotarren seme, "paristar euskaldun" izenburua jarri zion bere autobiografiari.
Lehen Munduko Gerrako bi urte Zuberoan egin zituen ama eta anaiarekin baina Paris izan zuen bizitoki bizitzaren lehen erdian. Sorbonako Unibertsitatean eskuratu zituen biologia, filologia hispanikoa eta hezkuntza zientzietako lizentziaturak. Gerora, doktoratu zen euskal filologian Bordelen.
Parisko lizeo batean irakasle urtetan, Paueko Unibertsitean eta Baionakoan ere eskolak eman zituen, idazle bizitza oparoa jorratu zuen bitartean, gaztetan hasita.
Idazle oparoa izan zen eta literatur genero gehienetan idatzi zuen: eleberrigintzan nobela beltza bereziki, ipuinak, poesia, haur literatura, dibulgaziokoa eta saiakera. Bereak dira, besteak beste, "Zaldi beltzak zeruan", "Izal Gorria", "Mende joanaz", "Kristina Bolsward", "Animismua Zuberoan" eta "Biziaren hiztegiaz".
Liburu askoren azalak emazteak sortu zizkion.
Manuel Lekuona zein Txomin Agirre sariak eskuratu zituen eta Euskal Pen elkarteko ohorezko kide izan zen.
60ko hamarkadatik zegoen Euskaltzaindiari lotuta, eta 88an euskaltzain oso izendatu zuten.