Itxi

Nobela beltza

Baztan beltzez jantziko du (H)ilbeltzak

N. V. | EITB Media

Leer en Castellano

Euskal Nobela Beltzaren Asteak denetariko jarduera eta ekitaldiak antolatu ditu igandera arte: solasaldiak, zinema, ibilbide antzeztuak, liburu aurkezpenak…

Joseba Sarrionandiak solasaldia eskainiko du asteazkenean. Argazkia: Efe.

Gaur arratsaldean, astelehenarekin, hasiko da (H)Ilbeltza, Euskal Nobela Beltzaren Astea, Baztanen. Datorren igandera, hilak 29ra, arte, denetariko jarduera eta ekitaldiak antolatu dituzte: solasaldiak, zinema, antzeztutako ibilbideak eta liburu aurkezpenak.

Bederatzigarren edizio honetako gonbidatuen artean egongo dira Joseba Sarrionandia, Jon Alonso, Ruper Ordorika, Garazi Arrula, Garazi Ugalde…  

Egitarauko lehenengo hitzordua Arizkungo Medikuaren Etxean izango da gaur. Eneko Barberena egilea "Suak erreko ez balu" bosgarren Hilbetza Beka irabazi duen obraren inguruan arituko da.

Asteazkenean, Anizko Mediarte Elkarteak Joseba Sarrionandiaren solasaldia eskainiko du.

Zinemak ere izango du bere lekua Hilbeltzan. Ostiralean, Kareletik Anjel Lertxundik 1987an filmatutako pelikula proiektatuko dute.

Larunbaterako, egun beteko egitaraua prestatu dute: goizean Zurian Beltz mahai inguruan parte hartuko dute Garazi Arrulak, Garazi Ugaldek eta Amaia Apaulazak.

Ondoren, Erratzuko elkartean bazkaria egongo da, eta arratsaldean liburu aurkezpenak: Jon Alonso, Mikel Alvarez eta Gaizka Ugalde. Gauean, eguna ixteko, Susmagarrien Gaua ekimena izango da.

Igande arratsaldean, Ruper Ordorikaren Zuri Beltzean kontzertuak itxiko du jaialdia Elizondoko Arizkunenean.