Itxi

XVI. mendekoak

Oihenarten hiru poema ezezagun aurkitu dituzte

N. V. | EITB Media

Leer en Castellano

Gidor Bilbao ikertzaileak "Kobla berriak" Arnaut Oihenarten liburuko hiru poema galdu aurkitu ditu Grenoblen zegoen ale batean.

"Kobla berriak" liburuaren Grenobleko alearen argazkia. Gidor Bilbao ikertzaileak lagatako irudia

Gidor Bilbao EHUko Ikasketa Klasikoen Saileko irakasleak Arnaut Oihenart euskal poeta, legelari, historialari eta politikariaren (Maule-Lextarre, 1592 – Donapaleu, 1668) hiru poema berri (83 bertso-lerro) aurkitu ditu Interneten bila ari zela, Grenoblen, "Kobla berriak" liburuñoaren ale ordura arte ezezagun batean, Euskal Idazleen Elkarteak Miel A. Elustondoren elkarrizketa baten bidez iragarri duenez.

Orain arte ezagunak ziren "Kobla berriak" lanaren aleetan agertzen ez ziren zazpi ahapaldi eta bi poema ("Jorraleen koblak I" eta "Jorraleen koblak II") dira, hain zuzen ere, Bilbaok Grenobleko alean kausitutako ale berriak, eta, ikertzaileak EITBri esan dionez, bide oparoa irekitzen die horrek ikertzaileei, orain arte ezagutzen genituen baino ale gehiago aurkitzeko. "Oihenartek urteetan zehar moldatu eta osatu ohi zituela idazlanak zuzenketaz, aldaketaz zein emendioz, are lanak inprimatu ondoren ere", idatzi du.

Elkarrizketan Bilbaok Elustondori esan dionez, lehenik eta behin, ezagutzen ez genituen zazpi ahapaldiak "kobla klasikoak dira, maitearen luzamenduekin eta atzera eta aurrerako jolasekin nekatuta dagoenaren kexa". "Kobla hauetan, Oihenartek beste inon erabili ez duen egitura metrikoa darabil, eta irudipena daukat horrek egilearen helburu nagusietako bat salatzen digula, hau da, euskarazko poesiagintzan era askotako egitura metrikoak erabil daitezkeela erakustea", erantsi du. Hona lehen lau bertso-lerroak, Bilbaok batuaz emanak:

"Denbora batez, irabazi

uste nuen zintudala;

geroz, zerkbait gibelerazi

dakusat zerauztadala"

"Jorraleen koblak"

Beste bi poemak, "Jorraleen koblak", berriz, xikitoen tradizioari dagozkio, zuberotar artzainek neurtitzetan elkarri botatzen zizkioten zirto gogorren usadioari. Euskaltzaindiak azaltzen duenez, Xikito esan behar zen beti bertsoaren ondoren, eta lagunak ez zuen laidoztatua sentitu eta borrokatzeko aitzakiarik, baina berak asmatu edo ikasitako bertso batez erantzuteko beharra zuen halakoetan.

Bada, Bilbaok azaldu duenez, orain arte uste zen beti gizonezkoak gizonezkoari botatzen ziola xikitoa, baina "hemendik aurrera perraka-xikitoak esan beharko genukeela iruditzen zait", adierazi du Bilbaok: "Oihenarten kobla hauek erakusten digute andreak gizonari xikito esaten diola, baina gizonak andreari, berriz, perraka, esan nahi baita piltzarra edo andre zarpaila".

'Jorraleen koblak'. Gidor Bilbaok lagatako irudia.

Hala azaltzen du Bilbaok ASJU aldizkarian argitaratutako artikulu akademikoan, zeinetan ikergai diren bertsoak osorik irakur baitaitezke, jatorrizkoan eta batura ekarrita: "Oihenarten lekukotzari kasu egiten badiogu, orain badakigu andrazkoen eta gizonezkoen artean ere egiten zirela zirto-koplaz osaturiko eztabaidak, txandaka bien artean, gizonaren eta emakumearen arteko lehia agonistikoan, eta hain zuzen gizonezkoari jaurtiriko koplak amaitzen zirela Xikito! oihuarekin, baina andrazkoei jaurtirikoak Perraka! bokatibo iraingarriarekin amaitzen zirela". 

Bertso gordin samarra dira biok ("Bata hordi, bertze hor(i) ito / orok ez balio bi behito / Hor den putarik handienak / erran bezat niri "xikito". Perraka"), eta Bilbaok adierazi du izan litekeela "Baionako alean* liburuñoko azken orri hori (eta, horrekin batera, liburuñoko hasierakoa) galtzea ez izatea ausazko gertakizuna, poema lotsagabeen zentsura baino". 

*orain arte ezagun zenetako bat da "Kobla berriak"en Baionako alea