Aurkikuntza
Codex Calixtinusa, bihar ikusgai Santiagoko katedralean
Poliziak berreskuratu zuen, egunkari paperarekin bilduta. Lapurreta ustez egin duen langilea bizi den eraikinean bertan aurkitu dute literatura harribitxia.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Espainiako Poliziak Codex Calistinusa berreskuratu zuen atzo eta bihar Done Jakue katedralean ikusgai izango da, katedraleko iturriek EFE albiste agentziari konfirmatu diotenez.
Eguerditik aurrera izango da ikusgai XII. mendeko lan hori. Katedraletik lapurtu zuten eta atzo Espainiako Poliziak berreskuratu zuen.
Codex Calixtinusa Milladoiroko (A Coruña) garaje batean agertu zen. Lapurreta ustez egin duen langilea bizi den eraikinean bertan aurkitu zuten harribitxia.
Plastikozko hainbat poltsa barruan agertu zen lana, egunkari paperarekin bilduta. Antza denez, onik dago liburua, Poliziak jakitera eman duenez. Hainbat adituk lana aztertuko dute orain, egoera onean ote dagoen egiaztatzeko
Ustezko lapurra bere familiarekin bizi den eraikinean bertan aurkitu dute literatura harribitxia. Espainiako Poliziak katedraleko langile ohi bat atxilotu zuen asteartean, baita bere emaztea, bion semea eta bikotea. Bihar eramango dituzte epailearen aurrera.
Duela ia urtebete desagertu zen liburua eta trasteleku bezala erabiltzen zuen atxilotutako langileak, Milladoiroko Da Cruxa kaleko 5. zenbakian.
Begoña Bravo, Bilboko emakume bat miaketaren lekuko izan da, EFE albiste-agentziari jakinarazi duenez. "Poliziak lekukoak behar zituen eta nire senarra eta biok alboan dagoen terraza batean geunden", azaldu du. Behin trastelekuaren barruan, "zilarrezko erretilu batzuk aurkitu dituzte eta katedralaren liburu batzuk ere", esan du. Porlana eta adreiluak asko ere zeuden.
Miaketarekin jarraituz, "lauzpabost boltsa" aurkitu dituzte eta banan-banan apurtu dituzte, Codexa agertu denera arte", esan dute. "Guztiok negar egin dugu, baita epailea ere", esan dio Eferi Bravok.
Objektu gehiago eta dokumentazioa
Garaje horretan bertan, Codexaren bi faksimile eta Katedraleko beste bi liburu aurkitu dituzte. Eraikinera sartzeko giltzak eta bertako arduradunen inguruko dokumentazioa eta eskutitzak ere atzeman dituzte lokalean.