Itxi

Heriotza

Joan Mari Irigoien idazlea zendu da

N. V. | EITB Media

"Oilarraren promesa", "Babilonia", "Lur bat haratago" eta beste hamaika eleberriren zein zenbait poema liburu eta haur eta gazte literaturako libururen egileak 74 urte zituen eta duela urte batzuk iragarria zuen alboko esklerosi primarioa zuela.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Joan Mari Irigoien idazlea (Altza, Donostia, 1948 - Donostia, 2023) zendu da gaur. Gaztetan Ingeniaritza ikasle, Realeko bigarren taldean futbol-jokalari -Larrañaga eta Kortabarria lagun, besteak beste- eta irakasle zein euskara-zuzentzaile aritua, altzatarrak obra oparoa utzi du euskal literaturan, narratiban, poesian eta haur eta gazte literaturan.

Venezuelan bi urteko egonaldia egin eta gero (bere prosan Hego Amerikako errealismo magikoaren arrastoa dago), literaturari heldu zion Irigoienek 70eko hamarkada erdialdean, gogoz heldu ere: 1975ean "Hutsetik esperantzara" poesia liburua argitaratu zuen, eta handik urtebetera "Oilarraren promesa" eleberria.

Eleberrigile saiatua (urte luzez, lotura estua izan du Elkar argitaletxearekin), irakurria eta saritua izan da Irigoien (bi aldiz irabazi du Euskadi Literatura saria, "Udazkenaren balkoitik" eta "Babilonia" eleberriekin), eta "Oilarraren promesa"ren atzetik iritsi ziren "Poliedroaren hostoak", "Udazkenaren balkoitik", "Babilonia", "Lur bat haratago" mardula, "Consummatum est", "Kalamidadeen liburua" umorezko eleberria… Euskal literaturako eleberrigile erreferentzialetako bat izan da 74 urte zituela zendu berri den donostiarra.

Poesia ere landu zuen, baina, Irigoienek, idazle jardun oparoaren hasiera-amaieretan batez ere, "Denborak ez zuen nora" (1989), "Biziminaren sonetoak" (2004) eta "Sorgin-argien ehizan" bildumak dira horren erakusgarri, berbarako.

Koldo Izagirrek Irigoienen poemen antologia paratu zuen, eta 2002an argitaratu zuen Susak, "XX. mendeko poesia kaierak" bilduma ezinbestekoan. "Horrela, hegazti, harribitxi, pintura eta egoera exotikoak ekarriz eta molde berritan landuz, askatasunaren eremua sortzen du poetak, zatartasunaren eta zabarkeriaren kontzientziarik gabeko aroa, edertasuna eta ontasuna uztartzen dituen etorkizuna", idatzi zuen Izagirrek Irigoienen poesiagintzaz, hitzaurrean.

"Bakarneren gaztelua" (1986), "Udazkenaren balkoitik" (1987), "Komunista.com" (2005), "Pistolak eta epistolak" (2014) eta haur eta gazte literaturako beste hainbat lan ere argitaratu ditu.

2012an gaitz degeneratiboa zuela iragarri zuen euskaltzain urgazle ere bazenak, alboko esklerosi primarioa, baina irakurtzen eta idazten jarraitu du, irakurleon zorionerako; 2019an "Derbia" umorezko eleberria argitaratu zuen eta 2022an "Sorgin-argien ehizan" olerki liburua.

Irigoien zenaren obra oparoa geldituko da, "Babilonia"ko kamelia zuri ederra bezala, "pizturik oroimenean".

Bideoak (2)