Itxi

Maiatzak 24-26

Literaturia, euskal literaturaren egiara begira

N. V. | EITB Media

Leer en Castellano

Literatura jaialdia maiatzaren 24tik 26ra egingo dute, Zarautzen. (b)egia da aurtengo leloa, eta, ohi bezala, liburu aurkezpenak, azoka eta ikuskizunak izango dira publikoaren gozagai. Booktegi plataforma digitala omenduko dute.

Literaturariaren karteleko detailea

Letrazaleek maiatzaren 24tik 26ra izango dute zabalik "euskal letren plaza", Zarautzen. Hiru egunez, Literaturia literatura jaialdia ospatuko dute kostaldeko herrian, "(B)egia" leloa hartuta, "begiaren eta egiaren arteko baturak eragiten dituen ideia asoziazioetan" sakontzeko. Azken batean, "sinetsi ahal dugu ikusten dugun hori?".

Lege Zaharren enparantza eta Modelo aretoa izango dira Literaturia kultur elkarteak antolatzen duen jaialdiaren kokagune nagusiak, eta azken horretan, esaterako, hiru ikuskizun estreinatuko dituzte: Begira Kamikaze kolektiboaren (Iraia Elias, Amancay Gaztañaga, Erika Olaizola) antzezlana ostiralean; eta Inuksuit (Patxi Zubizarreta, Maddi Oihenartek, Antton Valverdek, Mintxo Cemillánek eta Malen Fernandez de Larrinoak lagunduta) eta Galbahea: Ez gara dena ahazteko nahikoa biziko (Gotzon Barandiaran, Rafa Rueda, Urdin Baraiazarra, Uxue García, Mariana Blanco, Amaia García, Lander Bilbao) larunbatean.

Aurtengo manifestua Mari Luz Estebanek idatzi du, eta ostiralean irakurri du, Modelo aretoan, 20:00etan. Halaber, aurtengo omendua Booktegi plataforma digitala izango da.

Larunbatean, goiz eta arratsaldez, liburu azoka eta liburu aurkezpenak egongo dira, eta umeentzako eskaintza ere egongo da Literaturian. Etxezabalan, esate baterako Iñaxio Tolosa ipuin kontalaria arituko da larunbatean (11:00).

Igandean, programazioa ixteko, "Gehiago gustatzen zitzaidan aurreko zure librua" ikuskizuna taularatuko dute Gorka Arresek, Harkaitz Canok eta Maite Larburuk.