Itxi

Heriotza

Ismail Kadaré albaniar idazlea hil da

N. V. | EITB Media

Leer en Castellano

88 urte zituela hil da "Ametsen jauregia"ren eta beste hamarka eleberriren egilea. Totalitarismoen eta norbanakoaren arteko harremanean sakondu zuen fikzioan errealitateko gertakariak eta mitoak tartekatzen zituen idazleak.

Ismail Kadaré, 2002an. Argazkia: Lars Haefner, CC BY-SA 3.0 , via Wikimedia Commons

Ismail Kadaré albaniar idazlea zendu da gaur goizean, astelehenarekin, France Presse albiste agentziak iragarri duenez. Tiranan hil da, 88 urte zituela, bihotzeko krisi baten ondorioz.

Olerkiak idazten hasi zen Kadaré, baina eleberrigintzak eman zion nazioarteko ospea. Berrogei nobela inguru idatzi ditu, tartean "Ametsen jauregia", "Apiril urratua", "Hiru arkuko zubia", "H. dosierra"… Euskaraz, "Hiru arkuko zubia" (Juan Mari Arzallusek itzulia) eta "H. dosierra" (Juan Mari Arzallusek eta Antton Olanok itzulia) irakur daitezke.

Kadareren eta Enver Hoxhak Albanian 1944an ezarritako erregimen komunistaren arteko harremanek zeresan handia eman dute; Kaderek totalitarismoaren aurka idatzi zuen (Ametsen jauregia da horren adibiderik behinena), baina Hoxharen erregimen zorrotzak lasai samar jokatu zuen haren obrarekin, halere.  

Hoxha hildakoan, Kadare Frantzian erbesteratu zen 1990ean eta Albaniara joan-etorrian ibili zen, harik eta 1999an bere jaioterrian ezarri zen berriz. "Diktadura eta benetako literatura ez dira bateragarriak. Idazlea diktaduraren berezko etsaia da", esan zuen.

Kadareren literatura lotuta dago errealitatearekin, benetako gertakariekin (Kosovoko lurralde afera edo Stalinek Boris Pasternaki 1934an egindako telefono deia, esaterako), baina errealismo sozialistatik oso urrun dago, bere jatorria (Maksim Gorki Literatura Institutuan, Moskun, ikasi zuen, 1961ean Albaniak SESBekiko harremanak hautsi arte) gorabehera; Kadareren liburuetan, dena gertatu ohi da lurralde lauso batean, mitoetatik eta kondairetatik edaten duen unibertso batean.