Itxi

Aurkikuntza

Gabriel Arestiren poema argitaragabe bat aurkitu dute

N. V. | EITB Media

Leer en Castellano

Jon Kortazar EHUko Literatura katedradunak "Errota gorria" poema topatu du. 91 urte bete dira gaur bilbotar idazlea, "Harri eta herri"ren egilea, jaio zela.

Gabriel Aresti

Gaur, urriak 14, 91 urte bete dira Gabriel Aresti idazlea, Harri eta herri (1964) euskal poesiaren lan klasikoaren egilea, jaio zela. Poesia mailu gisara aldarrikatu zuen Arestik lan horretan: "Esanen dute / hau / poesia / eztela, / baina nik / esanen diet / poesia / mailu bat / dela".

Urteurren horren kari, Jon Kortazar Euskal Herriko Unibertsitateko Literatura katedradunak Errota gorria bilbotar poetaren poema argitaragabea aurkitu duela baieztatu die Kultura.eus eta Kultur Leihoa EITB Taldeko irratietako saioei.  

Idazleak 1955. urtean idatzitako eskuizkribua da ale hori, orain arte ezezaguna, eta Zubiri Moragues familiak helarazi dio Kortazarri. Literatur kritikari, ikertzaile eta irakasleak esan duenez, "aurrerago" argitaratuko dute, dagokion azterketa egin eta gero.

Duela bi urte ere agertu ziren Arestiren bi soneto ordura arte ezezagun. Erlijio liburu batean aurkitutako bi poema ziren, gaztelaniaz idatziak eta Gabriel María A. S.k 1953ko otsailaren 16an sinatuak. Kortazarrek orduan azaldu zuenez, ikasketa garaian egindako sonetoak dira, baina bere "literaturaren kontzeptuaren barnean" koka daitezke.

Jon Kortazarren hitzetan, analisirako lehengai agorrezina da Arestiren lana –Maldan beheraren azterketa zehatza falta da oraindik–, eta gaineratu du Harri eta herri funtsezko lana dela euskal poesia garaikidea ulertzeko.

Astelehenean, bi ekitaldi egingo dituzte Bilbon Aresti oroitzeko. Batetik Harri eta herri lanean oinarritutako errezitaldia, Bidebarrieta liburutegian (19:00), Maite Larburuk Carlos Taroncherrek eta Karlos Arenceguik. Bestetik, "Arestian egun...! Musika, bertsoak eta olerkiak" ikuskizuna taularatuko dute, EHUren Bizkaia aretoan (18:00), Aitor Furundarena musikariak, Andoni Salamero poetak eta Andoni Egaña bertsolariak.