Itxi

2012ko edizioa

Mo Yan idazleak irabazi du Literaturako Nobel saria

Erredakzioa

Guan Moye da txinatarraren benetako izena. Lehen eleberriaren ondoren jarri zuen Mo Yan ezizena (''ez hitz egin'', mandarinez). Kinieletan faboritoetako bat zen.

Mo Yan idazlearen artxiboko irudia. EFE

Mo Yan idazleak irabazi du Literaturako Nobel saria aurten. Guan Moye da txinatarraren benetako izena; lehen eleberriaren ondoren jarri zuen Mo Yan ezizena (''ez hitz egin'' da esanahia, mandarinez).

''Errealismoz betetako herri ipuinen bidez egungo historia islatzeko gaitasuna'' aitortu dio Nobel sariaren epaimahaiak, bozeramale batek esan duenez. Asaldatutako bere herriko historia kontatzeko modua azpimarratu du epaimahaiak, eta, erretratua egiteko, tradizioa eta baserri munduko erritoak errealismo eta magia ukituekin uztartzeko duen gaitasuna aitortu dio. Halaber, bere testuetan ironia eta sentikortasuna biltzen dituela azpimarratu dute epaimahaiko kideek, eta, Las baladas del ajo gomendatu dute bereziki bere lan guztien artean.

Sorgo Rojo da, beharbada, Mo Yan idazlearen lan ezagunenetako bat. Zhang Yimou zuzendari txinatarrak zinemarako moldatu zuen, eta Urrezko Hartza irabazi 1988ko Berlinalen.

Aurtengo kinieletan, faboritoetako bat zen. Literaturako Nobel sariarekin batera, 930.000 euro jasoko ditu Mo Yanek (joan den urtean baino % 20 gutxiago). Abenduaren 10ean egingo dute ekitaldia, Stockholmen.

Informazio gehiago (1)