Saria
Lorenzo Silvak eskuratu du 61. Planeta saria
Idazle madrildarrak 'La marca del meridiano' liburuagatik eskuratu du saria. Bernie Ohls goitizenaren atzean kaleratu du lana.
Lorenzo Silva idazle madrildarrak eskuratu du 61. Planeta eleberri saria, Bernie Ohls goitizenaren atzean. 601.000 euroko diru-saria du, eta "La marca del meridiano" liburuagatik eskuratu du. Ruben Bevilacqua eta Violeta Chamorro ikertzaileak ditu protagonista istorioak.
Eleberri irabazlea "Te protegeré" behin-behineko izenburupean aurkeztu zuen. Bevilacqua brigadak eta Chamorro sarjentuak hilketa misteriotsu bat ikertzen dute istorio horretan, eta kasuak korapilo etiko eta emozionalak ekarriko dizkie.
"La vida imaginaria" Mara Torresen eleberria izan da finalista; Pilar Otero izenpean aurkeztu du Torresek. 432 eleberri aurkeztu dituzte edizio honetan. Erdiak idazle espainiarrek egin dituzte, eta bosten bat Latinoamerikatik heldu dira.
Irabazle-zerrendan sartzeagatik oso pozik agertu da Silva, eta tartean Ramon Sender eta Manuel Vazquez Montalban ere badaudela ekarri du gogora. Haren hitzetan, eleberria Montevideon jaio eta Madrilen bizi den pertsonaiaren istorioa da. "Izenburuko meridianoa Greenwichekoa da, Madril eta Bartzelona artean dagoen lerroa, hain zuzen ere". Protagonista Madrilen bizi da, eta Bartzelonan hilketa bat ikertu beharko du. Beste garai batean han bizi zen, eta "protagonistaren iraganerako bidaia" ere bada liburua, Silvak esan duenez.