Maiatzean, Bartzelonan
Nick Cave, Phoenix eta The Postal Service, Primavera Sound jaialdian
L.Z.
Erredakzioa
My Bloody Valentine, Grizzly Bear, The Jesus and Mary Chain, Animal Collective, Dinosaur Jr, Fiona Apple, The Breeders eta Delorean ere izango dira Primavera Sounden.
Primavera Sound jaialdiaren antolatzaileek maiatzaren 22tik 26ra bitartean Bartzelonan arituko diren beste hainbat talderen izenak iragarri dituzte: Nick Cave & The Bad Seeds, The Postal Service, The Jesus & Mary Chain, Phoenix, Fiona Apple, Tame Impala, Los Planetas eta Antònia Font, besteak beste. Gainera, urrian aurreratu zuten Blur talde britainiarra Primavera Sounden izango dela.
Aste honetan emandako izenen artean, My Bloody Valentine, Wu-Tang Clan, Animal Collective, Grizzly Bear, The Knife, Band of Horses eta James Blake ere azaltzen dira.
Jaialdiko zuzendariaren hitzetan kartel bakarrean iraganeko, oraineko eta etorkizuneko musika batu dute.
Egitarau nagusia zortzi agertokitan banatuko da, baina Parc del Forumek ere hainbat ekintza jasoko ditu: disko azoka, umeentzako musika, zuzenekoak... Bestalde, maiatzaren 22an, The Vaccines, Delorean, Guard, The Bots eta Aliment taldeek doako emanaldiak eskainiko dituzte bertan.
Sarrerak
Otsailaren 4ra arte 160 eurotan salduko da bonu berezia, Codeticketsen, Atrapalon, Ticketscripten, Ticketmasterren, Seeticketsen, FNACen eta Primavera Sound jaialdiaren webgune ofizialean eta Facebookean.