Estreinaldia
'Les Vepres Siciliennes', taula gainera
Larunbatean estreinatuko dute, jatorrizko bertsioan (frantsesez), Bilboko Euskalduna Jauregian.
OLBE, Opera Lagunen Bilboko elkarteak, Giuseppe Verdiren "Les Vepres Siciliennes" izeneko opera estreinatuko du datorren larunbatean. Jatorrizko bertsioan, frantsesez eskainiko da opera Euskalduna Jauregian, iluntzeko 19:00etan.
1855. urtean frantsesez idatzitako Giuseppe Verdiren opera estreinatuko du larunbatean OLBE-k. Verdiren opera handietako bat da, bost ataletan banatutakoa. Opera lagunen Bilboko elkarteak, jatorrizko bertsioan eskaini nahi izan du, Jon Paul Laka zuzendarioak adierazi duenez.
XIII. mendean frantziako okupazio indarren kontrako altxamendu siziliarrean oinarritutako opera da, Verdiren operarik korapilatsuena. Ohikoa baino iraupen luzeagoa duen opera izanik, interpretazioa ez da batere erraza. Horregatik, kalitate handiko kantariak hautatu dituzte.
Beraiekin batera, taula gainean Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Bilboko opera koroa arituko dira. Gogoratu, larunbatean estreinatuko dute Verdiren opera, iluntzeko 19:00etan Euskalduna Jauregian, ohikoa baino ordu bete lehenago.