Jazzaldia
Wynton Marsalis eta Stacey Kent, Getxoko Jazzaldian
Uztailaren 3tik 7ra egingo dute eta hamabost kontzertu hartuko ditu, tartean Wynton Marsalisena (Jazz Lincoln Center Orchestrarekin batera), Stacey Kentena eta Ignacio Berroarena.
Getxoko 37. Nazioarteko Jazzaldiak lehen kontzertuak iragarri ditu: Wynton Marsalis tronpeta-jotzaile arrakastatsuaren kontzertua hartuko du. Musikari estatubatuarra Jazz Lincoln Center Orchestrarekin ariko da, egungo jazz eszenako hamabost musikari onenetariko batzuk biltzen dituen taldea, hain zuzen ere. Beste bi saio ere konfirmatu dituzte: Stacey Kent abeslari ingeles-amerikarra eta laukotean ariko den Ignacio Berroa perkusionista kubatarra izango dira protagonistak.
Wynton Marsalisek (1961, New Orleans) amaiera bikaina emango dio jazzaldiari aurten, uztailaren 7an. Jazzaren historiako tronpeta-jotzaile onenetariko bat omen da artista estatubatuarra, eta neoklasizismoaren adierazgarria. Bere estiloak, teknikoki akatsgabea, swinga zein beboparen adierazpen modernoenak barne hartzen ditu. Marsalis 80ko hamarkakako hasieran agertu zen indar handiz musika eszenan eta hasieratik jazz akustikoari eta tradizionalari atxikitutako musikaren aldeko apustua egin zuen. Halaber, 60 hamarkadako erdialdetik eginiko abangoardiako jazz gehienaren aurrean jarrera kritikoa hartu zuen. Freddie Hubbarden eta Miles Davisen doinuek eragin handia erakutsita, bere lehenengo urratsak Herbie Hancockekin eta Art Blakeyrekin eman zituen eta, ondoren, Branford anaiarekin boskotea sortu zuen. Bere jardueran proiektu anitzetan parte hartu du Marsalisek, esaterako Marcus Robertsekin, Robert Hurstekin, Wycliffe Gordonekin, Eric Reedekin eta Getxon ariko den Lincoln Center Jazz Orchestrarekin.
Uztailaren 3an, berriz, jazz latinoaren zaleek Ignacio Berroaren (1953, La Habana) laukotearen musikaz gozatzeko aukera izango dute. Berroa egungo perkusionista kutabar handienetako bat da. 80eko hamarkadan New York bizitzera joan zen eta bertan Dizzy Gillespie laukoteari batu zitzaion. Tronpeta-jotzaile mitikoa 1993an zendu arte, horren talde guztietan jardun zen Berroa. Bere jardueran zehar, kutabatarra maila goreneko musikariekin jardun da elkarlanean, esaterako McCoy Tynerekin, Chick Corearekin, Wynton Marsalisekin, Freddie Hubbardekin, McLean Jackierekin, Michael Breckerekin, Joe Lovanorekin, Jaco Pastoriousekin, Ron Carterekin, Charlie Hadenekin, Tito Puenterekin eta Gonzalo Rubalcabarekin. 2007an lehenengo diskoa grabatu zuen talde liderra zela: "Códigos", eta Grammy Sarietarako izendatu zuten urte horretan. Egun, disko berri batean lan egiten dabil eta musika jarduera arlo pedagogikoarekin uztartzen du, mundu osoan maisu-klaseak eta clinics delakoak ematen baititu.
Uztailaren 4an, ostegunean, Stacey Kent (1968, South Orange; New Jersey) abeslari ingeles-amerikarra ariko da Getxon. 90eko hamarkadaren hasieran abiatu zen bere jarduera arrakastatsua eta 1997. urtean bere lehenengo diskoa kaleratu zuen "Close Your Eyes" eta publikoak zein kritikoek harrera bikaina egin zioten. "The Boy Next Door" (2007) diskoari esker Grammy Sarietarako izendatua lortu zuen, Ahots-Jazz Diskori Onenaren sailean. Ella Fitzgerald bezalako artista handien estiloaz dohaindua, bere ahots gardena eta fraseatze bikaina zehaztasun handiz barneratzen dira bere kantetan. Horietan, denborazkanpoko istorioak abesten ditu, hainbat belaunalditako zaleengana ailegatzeko gaitasuna dutenak.
Jaialdi getxotarrak Euskadiko jazz denboraldiari emango dio hasiera aurten ere. Bost egunez, hamabost kontzertu izango dira bertan. Ohi denez, saio nagusiak eta Talde Lehiaketakoak Biotz Alai plazan izango dira, 21:00etan hasita. Ordaindu beharreko kontzertuetarako sarrerak apirilaren 8tik aurrera, astelehenean, egongo dira salgai.