Jaialdia
Al Di Meola eta Gonzalo Rubalcaba Getxoko 37. Jazzaldian izango dira
Uztailaren 3tik 7ra, Wynton Marsalis, Ignacio Berroa eta Stacey Kentekin batera arituko dira Getxoko jaialdian.
Al Di Meola gitarra-jotzaile estatubatuarra eta Gonzalo Rubalcaba pianista kubatarra Getxoko 37. Nazioarteko Jazzaldiko kontzertu nagusien eskaintzari gehitu zaizkio. Horiez gain, jada iragarrita dauden Wynton Marsalis eta Jazz At Lincoln Center Ochestra, Ignacio Berroa eta Stacey Kent arituko dira Algortako Biotz Alai plazan uztailaren 3tik 7ra. Kontzertuetarako sarrerak apirilaren 8tik aurrera egongo dira salgai, antolatzaileek jakinarazi dutenez.
Al Di Meola (Jersey City, New Jersey, AEB, 1954) Bostoneko Berklee College of Music ospetsuan trebatu zen eta ikasketak utzi zituen Barry Miles-en boskotearekin jarduteko.
1974an Chick Corea-ren eta Stanley Clark-en orkestrarako kontratatu zuten eta, handik bi urtera, jazz-rockaren izen handiekin jotzen hasi zen, esaterako Jan Hammer, Steve Winwood, Jaco Pastorius eta Mingo Lewis-ekin. 1980ko hamarkadaren hasieran hirukote ospetsua osatu zuen Paco de Lucia eta John McLaughlin gitarra-jotzaileekin, eta, mundu osoan jardun ondoren "Passion, Grace & Fire" diskoa arrakastatsua kaleratu zuten. 1990eko hamarkadaren erdialdean beste hirukote bat jarri zuen abian Jean-Luc Ponty biolin-jotzailearekin eta Stanley Clarke baxu-jotzailearekin, "The Rite of Strings" diskoa grabatuz. Halaber, hainbat generotako artistekin aritu da elkarlanean, besteak beste, Luciano Pavarotti, Paul Simon, Phil Collins, Carlos Santana, Steve Winwood, Stevie Wonder, Jimmy Page eta Steve Vai-rekin. Di Meola gitarraren birtuoso handienetako bat omen da.
Ausardia handia erakusten du armonia eta erritmo berriak bilatzen eta horrek izaera berezia eman dio bere musikari, interpretazio azkarretik doinu lasaiagoetara igaro dena.