Aurkikuntza
Joy Divisionek baztertutako materiala berreskuratu dute zakarrontzitik
Julia Adamson Manchesterren zegoen Strawberry estudioko soinu ingeniariak Joy Division, New Order eta Magazine taldeek baztertutako zinta ugari berreskuratu zituen zakarrontzitik.
1970eko hamarkadan Britainia Handian talde garrantzitsuenetakoa izan zen Joy Division ezagunaren material berria eta grabazio ezezagunak agertu dira. BBCk azaldu duenez, soinu ingeniari batek zakarrontzitik berreskuratu eta saldu nahi ditu.
Julia Adamsonek Manchesterreko Strawberry estudioetan lan egiten zuen (Stockport udalerrian dago) eta Joy Division, New Order eta Magazine taldeen kantu eta material argitaragabe ugari berreskuratu zituen zakarrontzitik. Estudioak duela 20 urte itxi zituen ateak, eta soinu ingeniariak orain azaldu du, Facebook bidez, zinta horiek nola heldu ziren bere eskuetara. Dagoeneko ez omen ditu nahi, eta salgai jarri nahi ditu.
1979an, "Unknown Pleasures" disko mitikoa prestatzen ari zenean, hainbat entsegutan grabatutako kantak biltzen omen ditu materialak. "The Fall" taldeko partaide izan zen Adamson, eta, horren hitzetan, Strawberry estudioak itxi zituztenean hartu zituen zintak. Talde eta artista askoren kanta ugari zituzten argitaratu gabe, hainbat zintatan grabatuta, eta 1990eko hamarkadaren hasieran zakarrontzira bota zituztenean jaso zituela adierazi du.
"Zakarrontzira botatzen zuten. Dena botatzen zuten, eta oso goibel utzi gintuen", azaldu du. Chris Nagle (soinu ingeniaria hori ere) senarrarekin batera, Martin Hannettek ekoitzi zituen grabazioak berreskuratu zituen. "Material hori gorde behar zela uste genuen, eta hala egin genuen", gaineratu du.